Fernando Beiztegui Blues Triok Ermuko Lobianon joko du zapatuan
Ermuko Lobiano Kulturguneak zapatuan, arratsaldeko 20:00etan, hartuko du Fernando Beiztegui Blues Trioren kontzertua. Blues elektrikoan zein akustikoan aise mugitzen den gitarrista eta blues abeslari moldakorra penintsulako hegoaldeko blues gardentasunaren zaindaritzat hartzen dute hedabideek. Fernando Beiztegui andaluziarrak oraingoan hirukoan erakutsiko ditu bere kantuak. Beizteguik bizitza osoa darama jokalekuetan jaioterriko Granadan lehen kontzertuak ematen hasi zenetik, eta estatuko eta nazioarteko musikari eta talde handiekin partekatu ditu astiak zein agertokiak.
Ezagunak diren arren erakargarritasunik galtzen ez duten bluesaren bidezidor horietatik igarotzen da bere zuzenekoa, eta bluesman andaluziar bikain honekin eta berarekin ari diren musikariekin abiatzen dira entzuleak diskoko abesti guztietan, guztiak direlako gustu onez, dotoreziaz, groove ugariz eta grina sutsuz interpretatuak. Txokolatea baino, makadama baino, pentagramen gainean putz egin zuen jainko zahar baten aurpegia baino beltzagoa da musika hau.
Marked Cards dugu bere azken bildumaren izenburua, eta hala da gainera. Fernando Beizteguik karta markatuekin jokatzen du. Irudi luke karta sorta koloregabetu eta higatua daramala sakelan, egun urrun batean John Mayallek Ingalaterra logaletuaren pubetan jaiotako blues zuriarekin jokatu zuenekoa.