Fernando Errekalde eta Mikel Lizarralderekin hasiko dira bihar Mendi Jardunaldiak

“Manaslu, eibartar bat 8.000 metrotan” proiekzioaren ondoren hitzaldia eskainiko dute
Fernando Errekalde eta Mikel Lizarralderekin hasiko dira bihar Mendi Jardunaldiak
2024/02/28 14:01
eta kitto!

Bihar, eguena, Coliseo Antzokian 19:00etan eskainiko den “Manaslu, eibartar bat 8.000 metrotan” proiekzioarekin hasiko dira Eibarko Klub Deportiboko mendi batzordekoek antolatutako aurtengo Mendi Jardunaldiak. Euskaraz egingo den ekitaldia doanekoa da, eta sarrerak saioa hasi baino ordubete lehenagotik jaso ahal izango dira bertako leihatilan edo, bestela, Kutxabank bidez.

Joan zen urteko irailaren 26an iritsi zen Manaslura 8.000 metroko tontor batera igo den lehenengo eibartarra. Espedizio hori azaltzea izango da Fernando Errekaldek eta Mikel Lizarraldek eskainiko duten hitzaldiaren ardatza, bideo eta argazkiz lagunduz.

Zuzenean kontatuko digu zelako prestakuntza izan duen Manaslura igo ahal izateko eta nolakoa izan den 46 eguneko bidaia tontorreraino. Manasluren ezaugarriak eta exigentzia teknikoak ezagutuko ditugu eta altuera menderatzeko zein estrategia erabili duen ere. Bere lagun taldea ezagutuko dugu eta zeintzuk izango diren hurrengo erronkak adieraziko digu hitzaldian.