Fernando Errekalde: “Gidetan eta bideotan ez dira antzematen altuera eragindako zailtasun guztiak”

Fernando Errekalde: “Gidetan eta bideotan ez dira antzematen altuera eragindako zailtasun guztiak”
2023/10/20 11:37
eta kitto!
Irailaren 27ko egunsentia 8.163 metroko altueran bizi izan zuen Fernando Errekalde alpinista eta mendiko-gida eibartarrak. Hain zuzen ere, Manaslu mendiaren tontorrean, Himalaian. Munduko zortzigarren mendirik altuena da eta, bertan, Errekalde zortzimilako bat igotzen duen lehen eibartarra bilakatu zen.

Manaslura igo ahal izateko, 50 egun egin ditu etxetik kanpo Fernando Errekaldek. Orain dela egun gutxi itzuli da etxera, Jaca (Huesca) ingurura, eta handik erantzun die gure galderei, poz-pozik, bizitzako ametsa egi bihurtu ondoren.

 

Nola ikusten da mundua 8.163 metroko altueratik?

Ba, ez da gauza asko ikusten. Tontorrera heltzen zarenean zure munduan murgilduta zaude eta ez duzu asko ikusten, baina oso polita izan zen. Egunsentian heldu ginen eta tontorrak ematen duen itzala ikusi genuen. Ikusgarria. Gauza harrigarri bat izan zen lurraren kurbadura ikusten dela. Ordura arte, ez nuen sekula ikusi. Tontorretan beti ikusten ditut beste mendi pila bat, baina zuzen. Manaslutik, ordea, kurbadura antzematen da.

Zuretzat zer izan da zortzimilako bat igotzea?

Ikaragarria. Denbora askoan buruan izan dudan helburua izan da. Beti eduki dut buruan egunen batean horrelako mendi handi bat igotzea eta askotan saiatu naiz. Zortzimilako bat igotzeko lehen saiakera izan da hau, baina 6.000 eta 7.000 metroko mendietan askotan saiatu ondoren, zortzimilako bat egiteko sasoia iritsi da. Baina ez pentsa, 20 urte inguru pasa dira helburua ezarri nuenetik.

Lehenengo saiakeran helburua lortzea ez da, ba, erraza izango.

Kontua da den-dena perfektu irten dela. Oso zorte ona eduki dugu. Beste batzuetan, 6.000 edo 7.000 metroko mendiak igotzen saiatu garenean, gehienetan ezin izan dugu tontorrera igo. Hori da normalena, baina saiatu behar zara, errepikatu egin behar duzu eta, begira, oraingoan lehenengo saiakeran irten da.

Faktore asko eduki behar dira kontuan?

Hori da. 21 egun egon gara mendian eta egun horietan pila bat gauza gerta daitezke: zuri, zure lagunari, elikaduran, mendian... Den-dena joan behar da ondo eta hori oso zaila da.

20230911_084335(0)20230913_132922

50 egun egon zarete etxetik kanpo Manaslura igotzeko helburua lortzeko. Nola banatu dituzue egun horiek?

Hasteko, Katmandura heldu ginen, Nepaleko hiriburura. 2-3 egun egin genituen han, espedizioan lagundu zigun agentzia bisitatzen eta baimenak eta azken tramiteak egiten. Handik mendira hurbiltzen hasi ginen eta, horretarako, 7-8 eguneko trekkinga egin behar izan genuen Manasluren oinarrizko kanpamendura heltzeko. Hori oso ondo dator, poliki-poliki altuerara egokitzeko balio duelako. Trekkinga 800-900 metroko altueran hasten da eta oinarrizko kanpamendua 4.800 metrotara dago. Desnibel handia dago.

Hori egitea ez da gutxi!

Bai, eta horrela egiten du jende askok. Gaur egun, Nepalen trekking asko egiten dira, eta trekking horiek mendi handietara hurbiltzeko erabiltzen diren bideak aprobetxatuz jaio ziren.

Oinarrizko kanpamendura heltzean, zein izan zen zuen jarduna?

Kanpamendura heldu baino lehen, 5.000 metrotara dagoen ‘lepo’ batetik pasatu ginen eta hori oso ondo etorri zitzaigun altuerara egokitzeko. Orduan bai, kanpamendura iritsi ginen, eta mendian egin beharreko lanak egiten hasi ginen. 21 egun inguru egin genituen han, gora eta behera. Horrela, altuerara egokitzeaz gain, beste kanpamenduak muntatu behar izan genituen. Manaslun lau kanpamendu muntatu behar dira. Bata, 5.800 metroko altueran dago; bigarrena, 6.400 metrotan; hirugarrena, 6.800 metrotan; eta laugarrena, 7.400 metrotan. 21 egun horietan hiru aldiz sartu ginen mendian, altuerara egokitzeko eta kanpamenduak muntatzeko. Azkenengo aldian gaua 6.800 metrotan pasa genuen eta, gero, gelditzen zitzaigun gauza bakarra zen eguraldi onari itxarotea tontorrera abiatzeko. Tontorrerako igoerak bost egun iraun zituen, 2. 3. eta 4. kanpamenduetatik pasa ondoren. Tontorraren ondoren, 2. kanpamendura jaitsi ginen eta handik oinarrizkora.

Bidea ez da tontorrean amaitzen, gero jaitsi egin behar da.

Hori da, eta askotan ez da erraza izaten. Jaitsierako bidea nahiko teknikoa zen, rappel asko egin behar zen eta gorputza mugan genuen, oso nekatuta. Akatsak egitea ez da hain zaila. Oso argi ibili behar zara.

20230924_083759WhatsApp Image 2023-09-29 at 10.08.35

Nolako mendia da Manaslu?

Ez da zailena, baina ez da erraza ere. 1. kanpamendura arte glaziar bat zeharkatu behar duzu. Ez du desnibel handia, luzea da, baina arrakala eta serac (izotz bloke handiak) asko daude eta oso arriskutsua da. 2. kanpamendura heltzeko desnibel gutxi dago, 500 metro asko jota, baina oso teknikoa da. Serac-en artean ibili behar zara, izotz pareta asko dago eta sokarekin igo behar zara... Mendiaren azkenengo maldak ez dira oso zailak, zabalak dira, baina 45º ingurukoak. Hau da, ez da oinez joatea bakarrik. Tontorrera heltzen zaren eguna da teknikoki errazena.

Mendiaren puntu bakoitzean zer egin behar zenuten jakiteko, aurretik ondo aztertuta zenuten?

Bai, gaur egun informazio asko dago. Gidetan irakurri dezakezu, baina YouTuben ere bideoak ikusi ditzakezu eta teknikoki nolako gauzak egin behar diren aztertu. Gidetan eta bideoetan ikusten ez dena altuerak sortzen duen zailtasuna da. Hori sentitu egin behar da, eta normalean gauzak asko zailtzen ditu.

Zuk, gainera, ez zenuen oxigenoaren laguntzarik erabili. Nola moldatu zinen?

Espedizioa nirekin egin zuen Michel Gonzalezek 7.800 metrotik gora erabili zuen oxigenoa. Izan ere, egokitze prozesuan demaseko buruko mina izan zuen eta mendian egin genuen hirugarren irteeran ni baino lehenago jaitsi zen, buruko minarengatik. Egin zuen aklimatazioa ez zen oso ona izan eta zalantzekin igo zen. Ez zekien noraino igoko zen eta, oxigenoa erabiliko bazuen, niri laguntzeko izango zela esan zidan. Azkenean, goraino igo zen. Bion ideia oxigenoa ez erabiltzea izan zen. Nik ez nuen erabili, baina burugogorra naizelako. Tontorrera heldu ginen egunean, buruan sartu zitzaidan ez nuela erabakirik hartuko egunsentira arte, eta egunsentian gauzak beste kolore batekin ikusi nituen. Momentu horretan oso erraza da buelta ematea edo oxigenoa hartzea. Dena duzu aurka.

Sasoi fisikoak, teknikak eta ezagutzak asko egiten dute, baina zenbateko garrantzia du buruak horrelako helburu bat lortzeko?

Handia! Hemendik berba egitea erraza da, baina han beste kontu bat da. Ez zara ondo sentitzen, ia ez duzu lorik egin, tontorrera ezer jan barik irten ginen... Oso erraza zen buelta ematea edo oxigenoa hartzea. Beraz, burua oso garrantzitsua da, baina ez bakarrik tontorraren egunean, baizik eta bidaia osoan zehar. Egun bakoitza oso garrantzitsua da. Adibidez, 7. egunean egindako akats batek eraman zaitzake, agian, tontorra ez egitera. Gure kasuan, oso zentratuta egon ginen hasieratik. Aurretik egin ditugun esperientzia guztietatik, tontorrera heldu ala ez, zerbait ikasi dugu, eta esperientzia hori baliatu dugu Manaslura igotzeko.

Eta zergatik Manaslu?

Gure buruan beste helburu bat dago, beste zortzimilako bat, baina teknikoki oso zaila da eta zortzimilako batera lehenengo aldiz joateko arrisku handiak ikusten genizkion. Beraz, horra joan baino lehen, zortzimilako bat igotzea zer den bizitzea beharrezkoa zela pentsatu genuen. Zortzimilako bat oxigeno barik igotzeak zailtasunak ditu berez eta, hori orekatzeko, logistika aldetik erraztasun asko dituen mendia aukeratu genuen, Manaslura enpresa asko joaten delako eta jende asko dabilelako.

Zein da aipatu duzun beste helburu hori?

Shisha Pangma mendiaren hegoaldeko ‘bide britainiarra’ igo nahiko genuke. 3.000 metroko korridorea du eta nahiko zaila da. Hala ere, ez dut uste hurrengo zortzimilakoa izango denik, aurretik beste saiakeraren bat egin beharko dugulako, eta ez dakit hori egitera helduko garen.

20230926_052706WhatsApp Image 2023-10-16 at 18.37.07 IMG-20231004-WA0003