Festa giroan murgilduko da Urki auzoa ekainaren 5ean

Urkiko jai batzordeak egitaraua aurkeztu du, eta auzoko zapiak Bodegan, Riojan eta Nuevo tabernetan daude salgai.
Festa giroan murgilduko da Urki auzoa ekainaren 5ean
Iturria: Urkiko Jai Batzordea (Instagram)
2026/05/27 12:16
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Urkiko jai batzordeak aurtengo jaien egitaraua aurkeztu du sare sozialetan, eta auzoa ekainaren lehen asteburuan jai giroan murgilduko da. Jaietako zapiak dagoeneko salgai daude auzoko Bodegan, Riojan eta Nuevo tabernetan.

Ekainak 5, barixakua

Jaiak 19:00etan hasiko dira, eta aurten 50. urteurrena ospatzeko ekitaldi berezia egingo da, Urkipe E.G.ren eskutik.

Ondoren, 19:00etatik 21:00etara, karaoke ibiltaria egingo da Mireng taldearen eskutik, auzoko kale eta tabernetan zehar.

19:15ean, Koa-ren erakustaldia izango da plazako eszenatokian.

Eguna borobiltzeko, 22:00etatik aurrera kontzertuak izango dira, LordWitch, Rythmachin eta Urkari taldeekin.

Ekainak 6, zapatua

Goizeko 11:00etan txikikrossa eta herri kirolak egingo dira. Irteera Urki Kurutzekuatik izango da, eta 2 eta 12 urte bitarteko haurrek hartuko dute parte. Dortsalen banaketa 10:30ean egingo da.

Distantziak adinaren arabera banatuko dira:

  • 2–6 urte: 150 metro
  • 7–9 urte: 750 metro
  • 10–12 urte: 1.250 metro

Txikikrossa amaitzean herri kirolak hasiko dira.

12:00etan paella lehiaketa egingo da Nuevo Tabernaren atzeko aldean. Euria eginez gero, eskolako patio estalian izango da. Izen-ematea auzoko tabernetan egin daiteke maiatzaren 31ra arte.

17:00etan toka eta igel txapelketa izango da Riojako tabernako parkean.

17:30etik 19:30era, haurrentzako jolas gunea eta txokolatada egingo dira eskolako patioan, Ludoteka Kids & Partyren eskutik.

19:30etik 21:30era, Dinbi banda batukada kalez kale ibiliko da, eskolatik hasita.

Gaua 23:00etan amaituko da, Estopa taldearen tributu kontzertuarekin, “Estopaos” taldearen eskutik.

Ekainak 7, domeka

Jaiak 9:30ean amaiera aldera iritsiko dira Galdaramiño igoerarekin, Unbe kiroldegitik abiatuta. Sari banaketa 13:00etan egingo da.