Finantzetarako aplikazio batek eta ongizatea helburu duen proiektu batek eraman dituzte aurten On Ekin Sariak

Ekinguneren eskutik urtero banatzen diren sarien hamabigarren edizioa hartu zuen Errebalek eguenean.
Finantzetarako aplikazio batek eta ongizatea helburu duen proiektu batek eraman dituzte aurten On Ekin Sariak
2024/10/23 10:30
eta kitto!

Eskualdeko ekintzaileen talentua eta berrikuntza aintzat hartzen dituzten sari hauek urtero banatzen dira, eta edizio honetan 60 lagunetik gora elkartu ziren irabazleei sariak emateko ekitaldian. Jon Iraola alkatea, Vanesa Hortas Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza zinegotzia eta sarien babesle nagusia den Laboral Kutxako ordezkariak ere bertan izan ziren. Coben Groupeko Idoia Iturbek zabaldu zuen ekitaldia, startup-etan inbertitzeari buruzko hitzaldiarekin. Jarraian, hamar finalistek beraien proposamenak aurkeztu zituzten. Antolatzaileen arabera, proiektu guztietan erakutsitako sormena eta potentziala nabarmentzekoak dira.
2.000 euroko sari nagusia Goretti Abascalek eraman du, finantza pertsonalen kudeaketan eta finantza hezkuntzan oinarrituta garatu duen KUDI izeneko aplikazioarekin. Eta Herritarren Saria (1.000 euro), berriz, Nacho Pradoren La Alegría de la Huerta izeneko proiektuak jaso du. Umorezko ikuskizunen bidez ongizatea sustatzea bilatzen duen proiektua da, eta horretarako herrian bakarrizketa jaialdi bat egitea proposatzen du egileak. Sariak banatu ondoren, Baratze Gourmetek prestatutako pintxoak lagun zituztela, bertaratutakoek networking-erako tartea izan zuten, beraien arteko ideiak trukatu eta elkar ezagutzeko.