First Stop-eko kaleratzeen aurkako greba mugagabea
Gaur eguerdian (martitzena, abenduak 10) udaletxe parean elkarretaratzea egin dute First Stop-eko beharginek, enpresak hainbat lantoki itxi eta beharginak kaleratu nahi dituela salatzeko. Aurreko asteaz geroztik greba mugagabean daude beharginak, eta eurek esandakoaren arabera, "kaleratuko dituzten beharginendako baldintzak negoziatzen amaituta, litekeena da aste honetan bertan kaleratzeak gauzatzea". Estatu mailan 425 kaleratze eragingo dituen amaiera-espedientea aurkeztu zuen Madrilen Bridgestone multinazionalaren barruan dagoen First Stop enpresaren jabeak. Euskal Herrian 50 behargin daude espedientearen barruan: 13 Bizkaian, 28 Gipuzkoan (tartean Eibarren, Otaola hiribideko lantegikoak) eta 9 Nafarroan. Sindikatuek salatu dutenez, "ezin daiteke horrelakorik onartu, enpresak etekin ugari izan ditu-eta".