Gabonetako kanpaina aurkeztu dute
Eibar Mertaritza Gune Irekiak (EMGI-k) Gabonetarako prestatu duen kanpaina aurkeztu dute gaur goizean (eguaztena, hilak 26) udaletxean. Urteroko martxari jarraituta, barrakak, txiki-parka, kaleak apaintzeko argiak eta beste jarduera batzuk egingo dira, jendea herriko denda eta tabernetan kontsumitzera animatzeko asmoz. Horiekin batera, aurtengo berritasun nagusia, Erosketa Bonoa nola lortu eta erabili azaldu dute: "Eibar Merkataritza Gune Irekiaren bulegora (Untzaga plaza, 7; Artola jatetxearen aldamenean) joanda, bezeroak 40 euro ordainduta 50 euro gastatzeko erosketa bonoa eskuratuko du. Bonoa EMGI-ren barruan dauden herriko berrehundik gora establezimendutan erabili daiteke (izar itxurako ikurrarekin identifikatuko dituzte), abenduaren 1etik 20ra bitartean egiten diren erosketak ordaintzeko (bonoa bulegoan jasotzeko epea abenduaren 1etik 5era edo bono guztiak amaitu artekoa izango da). Bestalde, bonoak Eibarren bizi direnentzat baino ez dira (NAN edo erroldatze-agiria eskatuko dute) eta bakoitzak bana erosteko aukera izango du. Bonoarekin batera, bezeroari argibide guztiak jasotzen dituen informazio-orria emango zaio".
Argiak, bihartik aurrera
Kaleak girotzen joateko, udalak eta EMGI-k 50.000 euro ordainduko dituzte urtarrilaren 6ra arte herriko kaleak argiekin apaintzeko. Argiak ixotzeko ekitaldi "ofiziala" bihar arratsaldean (eguena, hilak 27), 17.45etan hasiko da Eibarko Bizikleta Plazan (San Andres eliza aldameneko parkean). Besteak beste, Eibar foball taldeko jokalari batzuk eta DJ batek parte hartuko dutela aurreratu dute eta, gainera, umeendako freskagarriak eta txokolatea banatuko dituzte.
Gabonetako kanpaina biribiltzeko, bezeroei barraketan ibiltzeko eta txiki-parkera sartzeko bonoak oparituko dizkiete erosketak egitean eta zozketa eta eskaintza bereziak egingo dituzte.