Gabonetako kanpainak arrakasta handia izan du parte-hartzeari dagokionez

Gabonetako kanpainak arrakasta handia izan du parte-hartzeari dagokionez
2024/01/15 17:46
eta kitto!
Eibarko Merkataritza Gune Irekiak (EMGI) eta Eibarko Udalak sustatutako eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak diruz lagundutako Gabonetako kanpainak harrera bikaina izan du Eibarko eta eskualdeko beste herri batzuetako herritarren artean.

Alde batetik, 5.205 haurrek gozatu dute Astelena Haur Parkeaz eta Errebaleko patinaje pistaz, 2022an baino % 8 gehiago.  Bi jarduerek 20€ baino gehiagoko erosketengatik opari-txartelak eskaintzen zituzten. Horren ondorioz, 5.205 haurren %71k dohainik gozatu ahal izan dituzte; 2022an baino %4 gehiagok alegia. Horrela, hiriko establezimenduetako kontsumoa antolatutako jarduerekin lotzea lortu da.

Era berean, hiriko hiru puntutan azoka atrakzioak jarri dira: Txaltxa Zelai, Urkizu eta Anbulatorioaren aurrean dagoen parkea. Horietan ere Eibarko establezimenduetan banatutako 50.000 txartel baino gehiago erabili dira. Anbulatorioaren aurrean dagoen karruselak irekita jarraituko du otsailaren amaierara arte.

Eibarko Merkataritza Gune Irekitik (EMGI) azaldu dutenez, "Gabonetako kanpainan programatutako jarduerek Eibarko kaleak bizitzaz eta kolorez betetzeko balio izan dute, bertako bizilagunak hiriko establezimenduetan Gabonetako erosketak egitera animatuz. Eibarko Merkataritza Gune Irekiak Eibar merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzuen ikuspegitik leku erakargarri gisa bultzatzeko eta finkatzeko ezarritako helburua ere lortu egin da".

 

Astelenako Haur Parkeak zabalik jarraitzen du
Astelena Haur Parkeak zabalik jarraituko du larunbatetan, 11:00-14:00 eta 16:30-20:30 bitartean, honako egun hauetan: urtarrilaren 13, 20 eta 27an, otsailaren 3, 17 eta 24an, eta martxoan 2an eta 9an. Gogoratu establezimenduetan kontsumitzean lortzen diren opari-txartelak bertan erabili daitezkeela.

 

Oparitu Eibar Txartela
Aipatzekoa da, halaber, Oparitu Eibar Txartelak harrera bikaina izan duela Gabonetan, 12.000 eurotik gorako eragina izan baitu Eibarko establezimenduetan egindako erosketetan.

Abenduaren 26an, Oparitu Eibar Txartelen zozketa egin zen, guztira 2.000€ banatuz, Gabonen aurreko promozioan opari-txartelak erosi zituzten guztien artean. 2.000 euro horiek Eibarko establezimenduetan ere erabiliko dira.

Txartela www.erosieibarren.eus webgunean eros daiteke urte osoan zehar, eta gero eta biztanle gehiagok erabiltzen dute.
Jarduera hau Eibarko Merkataritza Gune Irekiak (EMGI) sustatzen du, Eibarko Udalarekin, Nafarroako Rural Kutxarekin eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailarekin lankidetzan.