Ganbera kontzertua hartuko du Coliseoak domekan

Ganbera kontzertua hartuko du Coliseoak domekan
2016/11/13 01:29
eta kitto!
Urte osoko programazioa eskuan hartu eta, begiratzen hasiz gero, Usartza txistulari taldekoentzat emanaldi berezirik bada, ganbera-kontzertua da hori. Urtean behin egiten dute horrelako emanaldia, beti ere beste musikari batzuen laguntzarekin. Aurtengo ganbera-kontzertua domekan emango dute, 12:30ean, Coliseo antzokian eta emanaldia prestatzeko entseguan harrapatu genituen txistulari taldeko kideak astelehenean, Beistegi eraikinean horretarako erabiltzen duten lokalean.

Azken urteotako martxan, oraingoan ere Elena Perezek zuzenduko du kontzertua. Berak aurreratu digunez, "benetan oso kontzertu polita izango da, pieza guztiz ezberdinekin osatutako errepertorioa prestatu dugu-eta; tartean oso alaiak diren abestiak ere badaude eta jendeari asko gustatuko zaiola pentsatzen dugu, hala izatea espero dugu behintzat".

Txistuarekin batera beste instrumentu batzuk sartzeak bihurtzen du berezia emanaldia. Zuzendariaren berbetan, "programa zabalduko duen 'Agurraz jolasean' abestian, adibidez, pianoarekin oso gauza bereziak egiten ditu Isabel Laspiurrek eta, efektu horiei esker, oso agur berezia izatea lortzen da". Pianojoleaz gain, herriko beste musikari batzuren kolaborazioa izango dute: Mari Sol Arrillagak soinua joko du, Pablo Zubiaurrek perkusioa eta Harituz hari-laukoteak ere lagunduko die.

Hamar piezak osatutako egitaraua eskainiko dute: "Agurraz jolasean" (Txistu - Piano), "Atta eta ama" (Txistu - Piano), "Atabalariak" (Txistu taldea), "Ansola anaiak" (Txistu taldea), "Badinerie" (Txistu - Piano), "Txorinoa nora hoa" (Txistu - Piano), "Hala ere" (Txistu - Silbote - Soinua), "Ume eder bat" (Txistu - Piano), "Impromptu y capricho" (Txistu - Hari laukotea) eta "Mongono (Izotza)" (Txistu - Hari laukotea).


image