Gaur, abenduak 8, Gazte EztanDA!

Gaur, abenduak 8, Gazte EztanDA!
2023/12/08 08:37
eta kitto!
Gaur ere gazteei begira jarriko da Durangoko azoka. Izan ere, Gazte EztanDA!-ren bigarren edizioa ospatuko da. Bazkaria, bingo musikatua eta Katu taldearen gaueko kontzertua antolatu dira espreski. Dena dela, egunean zehar guneetan programatutako ekintza asko ere gazteen interesekoak izango dira. Horren adibide da Izaroren bideoklip estreinaldia, baita Nakar, TOC eta Silitia taldeen disko aurkezpenak ere.

Ekitaldi guztien zerrenda kontsultatzeko: Abenduaren 8ko egitaraua

Eukalyptus obraren aurrestreinaldia
Bestalde, iazko Sormen Bekaren emaitza ezagutzera emango dute gaur. Jon Ander Urresti antzezleak irabazi zuen, eta urtebeteko lanaren ostean, aurrestreinaldia egingo du Szenatokian. Berarekin batera Beñat Urrutia dantzaria igoko da oholtzara, eta Matxalen de Pedro ere ibili da zuzendaritza lanetan. Gainera, Amorante eta Areta Senosiain musikariek ere parte hartu dute obraren soinua sortzen, eta testuaren idazketan Nerea Ibarzabalek ere parte hartu du. Obrak lan harreman toxiko baten istorioa kontatzen du, eta kritikotasuna, satira eta umorea erabiltzen ditu.