Gaur arratsaldean hasiko da Agorra Fest Eibarko musika jaialdia

Eibarko kaleak musikaz beteko ditu jaialdiaren lehen edizioak, gaurtik hasita domekara bitartean eta, horretarako, hamar talde eta musika-proposamen egongo dira. Horrela, hiru egunez, irailaren 11tik (barixakua) 13ra (domeka), zuzeneko musika, kalejirak eta adin guztietako ikusleentzako ikuskizunak uztartzen dituen programazioaz gozatu ahalko da.
Gaur arratsaldean hasiko da Agorra Fest Eibarko musika jaialdia
2026/09/11 17:00
Silbia Hernandez Arrazola

Asteburu osoan zehar herriko kaleak eta plazak musika eta kale-animazioaren beteko dituen ekimena Ustekabe txarangak antolatu du, bere 25. urteurrena ospatzeko, eta Eibarko Udalaren babes eta finantzazio handia izan du.

Gaur (barixakua, hilak 11) hasiko da jaialdia, 18:30ean Eibarko Bizikleta Plazatik abiatuko den Broken Brothers Brass Band taldearen emanaldiarekin. Ondoren, 20:30ean, perkusioa, piroteknia eta pailazoen antzerkia uztartzen dituen Psycho Clownen ikuskizuna hasiko da, Toribio Etxebarria kalean, Untzagan amaitzeko. Eta gaueko kontzertuak Untzaga plazan izango dira: 22:00etatik aurrera Goxua N’Saltsa taldekoak arituko dira, euskarazko musika latinoa eskaintzen. Eta gauerdian hasiko da bigarren kontzertua, reggae, ska, rocksteady eta dub eszenako talde historikoa den Potatoren eskutik. 

Zapatuan (hilak 12) goizetik hasiko dira emanaldiak: 10.30ean, Elgoibarko gaitero eta erraldoiek bereziki haurrei zuzendutako diana egingo dute, Errebaletik Untzagaraino, eta handik Urkizuraino joango dira; 12:30etik 14:30era, berriz, Ustekabe txarangakoak kalejiran ibiliko dira, Urkizutik Untzagara bitarteko ibilbidea alaitzen. Ospakizunarekin jarraitzeko, Ustekabek eta Urbat Waterpolo Klubak elkarrekin bazkalduko dute, kirol-taldeak ere aurten 25 urte beteko baititu. Asteburu osoan zehar, gainera, Urbatek txosna jarriko du Untzagan, eta bildutako diruaren zati bat Agorra Festen gastuak ordaintzeko erabiliko da.

Arratsaldean, 19:30etik aurrera, Burrunba Elektrotxarangak erdialdeko kaleak (Calbeton-Untzaga) girotuko ditu; 22:00etan, EH Sukarra taldeak joko du, Untzagan; eta gauerditik aurrera erromeria egingo da, Laket taldearen eskutik.

Euskorleans taldeak agurtuko du Agorra Fest jaialdia, domekan: erdialdeko kaleak musikarekin alaitzen ibiliko dira, 12:30etik aurrera.