Gaur arratsaldean zabalduko dute Eraberritze eta Birgaitze Azoka Untzagan

Gaur arratsaldean zabalduko dute Eraberritze eta Birgaitze Azoka Untzagan
2014/11/25 00:00
eta kitto!

Udalak, Debegesarekin batera antolatuta, azaroaren 27an (eguenean) eta 28an (barixakuan) I. Eraberritze eta Birgaitze Azoka egingo da Untzagako karpan. Egun bietan arratsaldez, 17.00etatik 21.00etara zabalduko dute eta azokan parte hartzen eraikuntzaren sektoreari lotutako enpresa hauek egongo dira: Ainara Vesga arkitektoa, AJT Zihurtasuna, Argitel elektrizitatea, Arkigreen arkitektoak, Beltran igogailu eta montakargak, Bosark arkitektoak, Fran dekorazioak, Desvan dekorazioa, Dicorges, Dinitel 2000, Emankor taldea, Epoca-Goro sukaldeak, Estudio 1964, Industrias ITTE, JG arkitektoak, LIL Loren Ibazeta Lapeyra, Aperribay marmoleria, Mikel Elorza interiorismoa, Ulmar eraikuntza metalikoak, Usobiaga&Otermin arkitektoak, CIP (Centro de Iniciacion Profesional) eta Debegesa.
Otsailean egin zen Akademien Azokaren eta orain dela egun batzuk Garapen Pertsonaleko Azokaren bidetik, honetan ere etxebizitzen eraberritze eta birgaitzerako herrian edo inguruan dagoen eskaintza jendeari bertatik bertara aurkeztea da helburu nagusia eta, horrekin batera, antolatzaileek sektore horretan beharrean diharduten enpresei bultzada ematea bilatzen dute. Martitzenean udaletxean egin zen aurkezpenean azokan parte hartzen izango direnetako batzuk egon ziren, besteak beste Esther Zarrabeitia Debegesako Hirigintza eta Birgaitze saileko arduraduna eta, azaldu zuenez, "Debegesaren postuan, besteak beste, etxeen eraberritze eta birgaitzerako gaur egun dauden diru-laguntzen inguruko informazioa emango dugu eta, horrekin batera, eraberritzea jasangarria izateko jarraitu beharreko irizpideak eta bestelakoak zehazten dituzten fitxak banatzeko asmoa daukagu". Nahi duenak fitxak interneten eskuratzeko aukera dauka, http://www.debegesa.com/eu/hiritarrak/etxebizitzen-birgaitzea/birgaitze-jasangarria helbidera sartuta.