Gaur aurkeztu dute Antzerki Jardunaldien XLVIII. edizioa

Antzerki Jardunaldietarako sarreren salmenta otsailaren 1ean hasiko da, aurrez-aurrekoa Coliseo antzokian eta, bestela, Internet bidez.
Gaur aurkeztu dute Antzerki Jardunaldien XLVIII. edizioa
2025/01/28 13:36
eta kitto!

Otsailaren 25ean hasi eta apirilaren 11n amaituko dira 48. Eibarko Antzerki Jardunaldiak, eta, beti bezala, programa zabala prestatu dute antolatzaileek. Horren berri eman dute gaur udaletxean egindako aurkezpenean, Jon Iraola alkateak, Andoni Zabala Kultura zinegotziak, Mari Jose Tellería Gipuzkoako Foru Aldundiko  Kultura zuzendariak, eta Ana López Asensio Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Kultura Sustapeneko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendariak.

Edizio honetan Toni Acostak eta Juan Carlos Rubiok izango dute Jardunaldiak zabaltzeko ardura, otsailaren 25ean, 19:00etan Coliseo antzokian egingo den inaugurazio-ekitaldian. Solasaldia Irene Hernando aktore eibartarrak aurkeztuko du, eta sarrera doan izango da. Antzerkiak egoera desberdinetara egokitzeko duen gaitasunari buruzkoa izango da solasaldia, eta "Harremanak" titulua izango du. Oraingoan ere antzezlanak bi tokitan, Coliseo antzokian eta Hezkuntza Esparruko aretoan izango dira. Esan dutenez, iaz 8.000 lagun bildu zituzten Jardunaldiek, eta oraingoan kopuru hori gainditzea nahiko lukete.

Otsailaren 26an eta 28an, 19:00etan, Una madre de película komediaz gozatzeko aukera egongo da. Obraren protagonista Toni Acosta  da, eta Juan Carlos Rubio zuzendaria.

Chek-out (zirkoa), Anacelia Álvarez eta Adrián Conderen zuzendaritzapean, martxoaren 2an izango da, eta La loca historia del Siglo de Oro (zirkua), Javier Uriartek zuzendua, martxoaren 6an. Martxoaren 7an, Ni flores, ni funeral, ni cenizas, ni tantán obra antzeztuko da (tragikomedia), María Goiricelayak zuzendua.

Martxoaren 9an eta 10ean bi lan ikusi ahal izango dira euskaraz: Heisenberg, Ramón Agirre eta Naiara Arnedorekin, Hezkuntza Esparruan, eta Miñan, Coliseo antzokian. Eva Isanta, Toni Acosta, Ángel Martín eta Zuhaitz Gurrutxaga dira Coliseotik igaroko diren aktore nabarmenetako batzuk, eta seguru une ahaztezinak utziko dituztela.

Martxoan zehar ere programazio zabala egongo da: Iribarne (komedia bufoa), Hoy no estrenamos (komedia), Moko, Indalecio Bizkarrondo “Bilintx” (haurrentzako antzerkia euskaraz), Renata (komedia euskaraz), Hona (dantza), Las que gritan (komedia Eva Isantaren emanaldiarekin), Lutinier, Futbolistoc (bakarrizketa Zuhaitz Gurrutxagarekin), 14.4 (drama), Filtro (antzerki dokumentala), Nuevo Material (bakarrizketa) eta La maldad, o los raticos oscuros de Shakespeare (komedia musikala).

Jardunaldiak apirilean amaituko dira, lau antzezlan hauekin: Los lunes al sol (tragikomedia), Mujeres, teatro a la carta (drama), Zorretan (tragikomedia euskaraz) eta Los reyes católicos, Colón y otras historias (tragikomedia). Era berean, martxoaren 5ean 35 urte eszenara begira dokumentala ikus ahal izango da, eta martxoaren 27an, “Antzerkia zineman/El teatro en el cine” sailean, laburmetraiak ikusi ahal izango dira.

Guztira 22 konpainia igaroko dira 2025eko Antzerki Jardunaldietatik: 25 emanaldi izango dira, haietatik 8 euskaraz. Gainera, obra bat kalean antzeztuko da. Aurtengo kartela Naiara Sarasketa eibartarrak diseinatu du.

Egitarau osoa hemen:

Sarreren aurretiazko salmenta

Lekim Animazioak konpainia arduratuko da Eibarko kaleetan Antzerki Jardunaldien zabalkundea egiteaz, eta asmo horrekin irtengo dira kalera barixaku arratsaldean, zapatuan, eta domekan. Antzerki Jardunaldietarako sarreren salmenta otsailaren 1ean hasiko da, aurrez-aurrekoa Coliseo antzokian, eta bestela Internet bitartez, Kutxabanken erosteko aukera ere badago.

Edozein modutan ere, sarrerak modu presentzialean erosteko, aurretiazko hitzordua hartu beharko da nahitaez, hilaren 29an eta 30ean, 17:30etik 19:30era Coliseo antzokian. Eta modu birtualean www.kutxabank.es webgunean eskatu ahalko da. Halaber, funtzioak hasi baino ordubete lehenago erosi ahalko dira sarrerak, Coliseokon leihatilan bertan.