Gaur gauean bertso derbia hartuko du Akara tabernak
Athletic eta Eibarren arteko derbia jokatuko da bihar San Mamesen eta, horren aitzakiarekin, Hankamotxak bertso eskolakoek bezperarako bertso derbia prestatu dute Akara tabernan. Saioa gaur (barixakua, hilak 26) 23.30etan hasiko da eta bina bertsolari izango dira talde bakoitza ordezkatzen: Eibarren aldetik Aimar Goenaga eta Mikel Arrillaga eta Athleticen aldetik, berriz, Inazio Vidal eta Imanol Uria. Gai-jartzailea Ion Martinez izango da eta, iragarri duenez, "sorpresaren bat edo beste egon daiteke". Bertso eskolakoek azaldu dutenez, "hau izango da Eibarren antolatuko den lehen bertso derbia. Izan ere, beste batzuetan Athletic eta Errealaren arteko bertso derbiak antolatu dira, baina Eibar lehen mailara igo dela aprobetxatuz hau izango da herriko taldea tartean dagoen lehena".