Gaur hasi da Eibarren deskontuekin erosteko bonuen kanpaina berria

Gaur hasi da Eibarren deskontuekin erosteko bonuen kanpaina berria
2023/05/22 11:36
eta kitto!
Gaur hasi da udaberriko erosketa-bonuen kanpaina berri bat. Guztira 153 establezimenduk egin dute bat Udalak eta Eibar Merkataritza Gune Irekiak sustatutako ekimenean. Ekainaren 18ra arte iraungo duen kanpainak %20 eta %25 arteko beherapenak eskainiko ditu, merkataritza, zerbitzu, ostalaritza  eta elikadura kategorietarako bonuen bitartez.

Kanpaina honetarako zenbateko ezberdinetako 8.100 bonu atera dira guztira, aurreko edizioan ateratako kopurua ia bikoiztuta. Horrela, kanpainarekin bat egin duten establezimenduetan erosketak egin eta zerbitzuak eskuratu ahal izango dira, %20 eta %25era arteko deskontuekin.  Ostalaritzaren arloan, 2.420 jarri dira herritarren eskura, bitan zatigarriak, 15 euroko salmenta-prezioan eta 20 euroko balioarekin; merkataritzaren eta zerbitzuen sektorean, 4.660 bonu daude eskuragarri, bitan zatigarriak, 40 euroko salmenta-prezioan eta 50 euroko balioarekin; eta elikaduraren sektoreari dagokionez, 1.020 bonu jarri dira salgai, 15 euroko prezioan eta 20 euroko balioarekin.

Kanpainako arduradunek azaldu dutenez, bonu-kopuru jakin bat egongo da Eibarren bizi direnentzat (6.890) eta beste bat Eibartik kanpora bizi direnentzat (1.210). Eta bonu-kopuru jakin bat jarriko da salgai, halaber, online salmentarako eta aurrez aurreko salmentarako. Azken modalitate hori Eibarren bizi diren 60 urtetik gorakoentzat izango da soilik.

Eibarren bizi direnentzat gaur 5.170 bonu jarri dira salgai eta beste 1.210 bonu beste herrietan bizi direnentzat. Kasu bietan online erosi behar dira. Online bidezko erosketa www.erosieibarren.eus webgunean egin daiteke. Bonuak erosi ondoren, Eibar Merkataritza Gune Irekiak Egogain kaleko 20 behean egokitu duen bulegoan jaso ahalko dira, erosketatik bi lanegun igaro ondoren, bonuen erosketa-agiria aurkeztuta. Horrez gain, Eibarren bizi diren 60 urtetik gorakoentzat, berriz, 1.720 bonu ipini dituzte  salgai aurrez aurreko salmentan.

Bestalde, bonuak erabiltzeko epea maiatzaren 22tik ekainaren 18ra bitartekoa izango da. Gehienez ere bi bonu eros daitezke modalitate bakoitzeko, eta mota bereko bonuak 25 euroko bi erosketatan edo gehiagotan metatu eta zatika daitezke, merkataritzaren eta zerbitzuen kasuan, eta 10 euroko erosketetan, ostalaritzaren eta elikaduraren kasuan.

Ekainaren 2tik aurrera, ordurako eskuragarri dauden bonu guztiak Eibarren bizi diren pertsonen eskura jarriko dira, eta Internet bidez bakarrik salduko dira. Bost bonu ere erosi ahalko dira NAN bakoitzeko modalitate bakoitzean.

Erosketa-bonuen kanpaina honetan parte hartzen duten establezimenduen zerrenda www.erosieibarren.eus webgunean eta bonuak aurrez aurre erosten dituztenei emango zaien liburuxkan kontsultatu ahal izango da.