Gaur hasi diren Aldatzeko igogailuaren lanek trafiko aldaketak eragingo dituzte
2018/06/11
17:16
eta kitto!
Herriko erdialdea Aldatze eta Jardiñeta kaleekin lotzeko eraikiko duten igogailua ipintzeko lanak gaur hasi dira eta, Udaletik ohartarazi dutenez, lanen konplexutasuna dela eta, urte amaiera arte luzatuko dira. Aldatze kalearen goiko aldean (igogailuaren ate inguruan, Itziora doan bihurgunearen ondoan) ekin diote beharrari eta, lanen eraginez, hiru hilabetez kalea itxita egongo da. Hori dela eta, trafikoan hainbat aldaketa izango dira: alde batetik, bariantetik Jardiñetako irteera hartzen duten automobilek ezin izango dute institututik Aldatzera doan bidea hartu eta Pagaegi kaletik jaitsi beharko dira (Jardiñetan aparkatzeko eta garajeetara joateko izan ezik). Aldi berean, sei metroko luzeera gainditzen duten ibilgailuek ezin izango dute aipatutako saihesbideko irteera hori hartu. Trafiko aldaketak irailaren erdiraino iraungo dutela dago aurreikusita.