Gaur inauguratuko dute ‘Portalea, 30 urte’ erakusketa, 19:00etan

Portalea Kultur Etxeak 30 urte bete ditu eta, hori ospatzeko, programa berezia prestatu du Eibarko Udalak.
Gaur inauguratuko dute ‘Portalea, 30 urte’ erakusketa, 19:00etan
2026/09/18 13:26
Silbia Hernandez Arrazola

Portalea Kultur Etxearen hogeita hamargarren urteurrena ospatzeko, gaur (barixakua, irailak 18) 19:00etan zabalduko dute Portalea 30 urte atzera begirako erakusketa, Portaleko erakusketa aretoan. Erakusketa berezia izango da, Portalean inoiz egin den erakusketarik handienetako bat. Bertan, hogeita hamar urte hauetan Portalean beraien lanak erakutsi dituzten 62 artisten lanak egongo dira ikusgai.

Hauek dira parte hartuko duten artistak: Almu Maeso, Ainhize Txopitea, Aitor Etxebarria, Aitor Sarasketa, Alberto Ibáñez, Alberto Rementeria, Alfonso Gortazar, Ángel Güenaga Hernández, Antón Hurtado, Baroja Collet, Bingen de Pedro, Carmen Palomero, Daniel Txopitea, Dora Salazar, Edurne Martínez Arroyo, Esperanza Zabala, Esther Galarza, Fernando Beorlegui, Fernando de Vicente Garrido, Florencio Alonso, Gonzalo Etxeberria, Gorka Larrañaga, Ignacio Giménez, Iker Valle, Inés Medina, Iñaki Larrañaga, Ismael Iglesias, Ion Etxeberria, Izaskun Álvarez, Javier Balda, Jon Amorrortu, Jon Ibala, José ángel Lasa, José Antonio Azpilikueta, José Ibarrola, José Kareaga, José Luis Irigoien, José Zugasti, Joserra Elorza, Josué Pena, Juan Antonio Palacios, Juan Ignacio Mendizábal, Juan Sagastizabal, Koldo Etxebarria, Leire Kareaga, María Romero, Mariano Arsuaga, Marina Etxeberria, Marino Plaza, Miguel Pedroza, Miriam Isasi Arce, Oaia Peruarena, Patxi Laskarai, Peio Alberdi, Pilar Soberón, Ricardo Azkargotza, Rosa Valbuesa, Susana Jodra Llorente, Txaro Arrazola, Txiki Agirre, Viviane Strub eta Zaloa Ipiña.

Urriaren 25era arte egongo da ikusgai, martitzenetik domekara, 18:30etik 20:30era. 

‘Gogoetarako gunea’ hitzaldi-zikloa 
Erakusketa berezi horrekin batera, hitzaldi-sorta antolatu dute, Gogoetarako gunea izenburupean. Hitzaldi-zikloan kulturaren etorkizunari eta kultura-ekipamenduei buruz arituko dira, lau ardatzetan banatuta: adostasuna, berdintasuna, garapen jasangarriko helburuak eta nazioarteko gatazka. Ziklo horretan ospe handiko lau hizlarik hartuko dute parte. Hitzaldi guztiak Portalean egingo dira, 19:00etan. 

Datorren astean, irailaren 24an (eguena) izango da lehena. Gironako Unibertsitateko irakasle-ohia eta Unesco Katedrako Kultura Politiken eta Lankidetzaren ohorezko zuzendaria den Alfons Martinell-ek egingo du berba, Espacios culturales y Objetivos de Desarrollo Sostenible izenburuari jarraituz. 

Irailaren 28an (astelehena) Jesus Nuñez Villaverdek Situacion internacional, convivencia pacifica, espa- cios culturales izenburukoa emango du. Nazioarteko Harremanetako irakaslea da Nuñez eta, horrez gain, bakearen eraikuntzan, nazioarteko segurtasunean eta indarkeriazko gatazken prebentzioan aditua ere bada. 

Hirugarren saioa euskaraz izango da: Kultura guneak, kontsentsu guneak izenburuko saioa Jon Sarasua bertsolari eta Mondragon Unibertsitateko irakaslearen eskutik egingo da, urriaren 1ean (eguena). 

Eta azken hitzaldia urriaren 5ean izango da. Amaia Gonzalez Llamas soziologo, ikertzaile eta aktibista feminista arituko da, Espacios culturales, espacios de igualdad izenburupean. 

Eta, urtemugarako antolatu duten programazio berezia biribiltzeko, ate-irekien jardunaldia egingo da, irailaren 26an (zapatua).