Gaur zabaldu dute Eibar TEK Tokiko Energia Komunitatearen parte izateko izen-ematea
Eibar TEK Eibarko Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun Departamentuaren eta Next Generation europar funtsen lankidetzari esker sortu da, eta esan dutenez, “tokiko energia-komunitate honek anbizio handiko plan bat du, energia-autokontsumoko komunitate zabal bat eratzeko”. Horretarako, panel fotovoltaikoak jarriko dira eraikin publikoen teilatuetan (Amañako eta Arrateko Andra Mari herri ikastetxeetan eta Portalean), eta hortik sortzen den energia herritarrek erabili ahal izango dute.
Proiektuaren arabera, 1.093 m2-ko azalera erabilgarrian, gutxi gorabehera 163 kW-ko edukiera duten 364 eguzki-panel jarriko dira, eta 246 erabiltzaile inguruk komunitateko kide izateko izena ematea da ekimenaren helburua, “udalerriko etxe partikular eta denda txikiek, besteak beste, proiektutik onura atera ahal izateko”. Betiere instalazioren batetik bi kilometroko erradioan kokatuta egoteko baldintza bete beharko da. Nabarmendu dutenez, “Eibarko TEK proiektuak deskarbonizazio-prozesuan eta herria toki jasangarriagoa izaten lagunduko du; eibartarrei aukera emango die energia modu eraginkorragoan sortzeko eta kontsumitzeko, ingurumenarekiko arduratsu jokatuz eta ehuneko ehunean herritarrengan pentsatuz”.
Bestalde, proiektua martxan ipini ahal izateko pauso asko honezkero eman dituztenez, komunitateko kideek beste toki batzuetan baino gutxiago itxaron beharko dute autokontsumoaren bidez energia berriztagarria erabiltzen hasteko, “fakturan %30 inguru aurreztuta”. Izan ere, azpiegiturak ipinita daude eta uda aurretik martxan egotea espero dute.
Informazioa emateko hitzaldiak
Ekimenari buruzko informazioa herritarrei azaltzeko bi hitzaldi egingo dira: martxoaren 12an, 18:30ean Coliseo antzokian; eta martxoaren 14an, 12:00etan Errebal Plazan (aretoan). Eta hirugarren hitzaldi bat antolatu dute, bereziki establezimenduei begira. Martxoaren 19an izango da, 15:00etan Errebal Plazan. Horrekin batera, informazio gehiago nahi duenak, www.tekeibar.eus webgunera jo dezake, edo 900 859 695 telefonora deitu, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 18:00etara.
Udalak lagatako teilatuetan hiru instalazio fotovoltaiko horiek jarrita, “posible izango da energia berriztagarria kontsumitzea, autokontsumoaren bidez, obrarik egiteke, energia-aurreztuta, eta jarraitzeko konpromisorik gabe”.
Ekimenak berroneratze-lanetako programa integral bat jasotzen du, “arreta berezia jarriz birgaitze-jarduketetan, irisgarritasunaren hobekuntzan eta bizitegi-eraikinetako energia-eraginkortasunean”. Proiektu hau aurrera eramateko, 197.000 euro inguruko aurrekontu bat egongo da, eta hortik 100.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun Departamentuko deialdiko dirulaguntzetatik etorriko dira.
Jon Iraola alkateak eskerrak eman dizkio Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuari emandako laguntzarengatik, eta zera gogorarazi du: “Eibar Euskadin lehen herria izan zen industria-enpresen komunitate energetikoa sortzen. Oso pauso garrantzitsua izan zen ingurumenaren arloan. Unea da herritarrak energia berriztagarrien bidera batu daitezen, eta, hala, karbono-aztarna murriztu dadin”. Amaitu aurretik, herritarrak gonbidatu ditu proiektuan parte hartzera, komunitate hau energia garbiaren alde egiteko aukera paregabea dela gaineratuta.
Jose Ignacio Asensio foru diputatuak nabarmendu duenez, Gipuzkoako Jasangarritasun Departamentuaren helburua da udalerri guztiek energia-komunitate propioa izatea. Gaur egun, 51 energia-komunitate daude martxan Gipuzkoako 41 udalerritan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak bultzatuta eta eraikin publikoen estalkiak doan lagatzen dituzten udalekin lankidetzan. “Helburua da Gipuzkoako udalerri guztiek beren komunitate propioa edukitzea. Urrats oso garrantzitsua da herritarrek eskubide soziala baitute energia garbia baldintza ekonomiko onuragarrietan izateko; eta aurrerapauso handia da energiaren demokratizazioak kolektibo guztiak barne har ditzan, inor atzean utzi gabe”.
Asensiok gogorarazi duenez, “bereziki, bizi ditugun garai hauetan, non eszenatoki energetikoa oso zaila den eta prezioen inflazioa oso altua, ezinbestekoa da familiei etxeko ekonomiaren zama arintzea; energia-fakturan %30 aurreztea oso bultzada positiboa da horretarako. Energiaren demokratizazioan aurrera egitea eta erregai fosilekiko mendekotasun txikiagoa izango duen kultura eraginkorrago, justuago eta jasangarriago baterantz jotzeak pertsonen bizi-kalitatea hobetzea ekarriko du”.