Gaurtik aurrera erabili daitezke papera eta ontziak biltzeko ipini dituzten edukiontzi berriak
2023/12/01
14:36
eta kitto!
Hondakinak edukiontzietara botatzea errazteko asmoz, azaroan zehar Debabarreneko Mankomunitateak 456 edukiontzi hori eta urdin berri jarri ditu eskualdeko herri guztietan, eta gaurtik aurrera erabilgarri daudela jakinarazi nahi diete herritarrei. Orain arte erabili diren iglu itxurakoak berri hauengatik ordezkatuta, gaikako bilketa handitzea da Mankomunitatearen helburua: “Edukiontzi berriek aho handiagoa dute, eta horrek hondakinak bertara botatzea errazten du. Herritarrei erosotasuna ematea da zerbitzu berriaren helburua, eta bide batez, zerbitzua hobetzea, edukiontzi berriekin edukiontzi bakoitzera botatako zaborra azkarrago jasotzea lortzen baita. Irudi aldetik ere aldaketa ekarriko du lateralizazioak, edukiontzi guneen uniformetasuna ahalbidetuko baitu”.
Bestalde, edukiontziak eraberritzearekin batera, zerbitzua ere berritu dela eman dute aditzera: “Zerbitzu berria Prezero enpresak emango du, zeinarekin Mankomunitateak zortzi urteko kontratua sinatu duen, gehienez 8.153.675 euroko aurrekontuarekin, kontuan hartuta enpresak kobratuko duen zenbateko osoa aldakorra izango dela, jasoko dituzten edukiontzi kopuruaren arabera. Kontratuak paperaren eta kartoiaren frakzioen bilketa, ontzi arinena eta pilena barne hartzen ditu, baita edukiontzien garbiketa ere”.