Gaurtik aurrera erosi daitezke hilak 10ean Astelena frontoian egingo den Eibar Kantuan jaialdirako sarrerak
San Juan jaien egitarauaren barruan antolatu duten jaialdian habanerak eta Hego Amerikako doinuak abestuko dituzte, Eibarko betiko kantu ezagunetako batzuekin batera. Parte hartuko duten taldeak hauek dira: Juan Bautista Gisasola Korua, Eibarko Koro Gaztea, Sostoa Abesbatza (hiru hauek Juan Bautista Gisasola Musika Eskolan integratuta daude), Unzaga Abesbatza (Untzagako Jubilatuen Elkartekoa), Kaleetan Kantuz, Trio Medianoche, Voces y Cuerdas, Ustekabe Txaranga, Los Camperos eta Jose Luis Badiola.
Iraide Ansorenak nabarmendu duenez, “dagoeneko gurekin ez dauden eta 'Eibar Kantuan' jaialdiaren aurreko edizioetan parte hartu zuten pertsona guztiak omendu nahi ditugu. Jaialdia berpiztea da asmoa, ahanzturan erori gabe, baina orainaldian zentratuz”.