Gazte Eguna antolatu dute otsailaren 7rako

Udan egiten den kuadrillen arteko IPQ Futbol 7 Txapelketa finantzatzeko prestatu dute egun osoko egitaraua
Gazte Eguna antolatu dute otsailaren 7rako
2026/01/26 10:18
Ekhi Belar Errasti

Ekainean egin ohi den kuadrillen arteko IPQ Futbol 7 Txapelketak 5. urteurrena beteko du aurten eta antolatzaileek, IPQ-k, zerbait berezia prestatu nahi dute. Iaz 600 lagunek hartu zuten parte lehiaketan eta bazkarian 500 elkartu ziren. Beraz, pentsa daiteke ez dela batere erraza hori guztia prestatzea eta, antolatzaileek esan digutenez, “iaz ez genuen diru askorik irabazi, ia-ia galdu egin genuen”.

Gauzak horrela, eta aurten zerbait are bereziagoa prestatzeko gogoz, Gazte Eguna prestatu dute otsailaren 7rako. Egun osoko egitaraua antolatu dute, Untzagan karpa egongo dela aprobetxatuta. “12:00etan txosna zabalduko dugu, eta egun osoan zehar egongo da zabalik”, aurreratu digutenez. “Musika, pintxoak, tragoak... Giro ederra egongo da”.

Gazte Eguna prestatzeko Udalaren laguntza jaso du IPQ-k, “zati bat eurek ordainduko dute eta beste bat guk”, esan digute futbol zaletuek. Horrela, 19:00etatik aurrera hiru musika emanaldi egongo dira:

  • Hasteko, Rock You arituko da. “Beste taldeen bertsioak egiten dituzte: Fito y los Fitipaldi, AC/DC eta horrelakoak”, dioskue antolatzaileek.
  • Gero dantza egongo dira eta, ordu erdiko atsedenaldiaren ondoren, Zopilotes Txirriaos talde nafarrak joko du.
  • Eta egunarekin amaitzeko, DJ Rokak gaua girotuko du, jaia 4:00ak inguruan amaituko delarik.

Horrez gain, egunean zehar jolas batzuk egiteko asmoa dute antolatzaileek.