Gazteen enplegua sustatzeko ekimen berria martxan

Gazteen enplegua sustatzeko ekimen berria martxan
2016/03/10 23:53
eta kitto!
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Telefonica Fundazioak, Santa María la Real Fundazioak eta Debegesa eta Oarsoaldea eskualde agentziek lankidetza hitzareman sinatu dute datorren apirilean bi enplegu anezka martxan jartzeko, Debabarrenean eta Oarsoaldean. Enplegu anezka bakoitzak 25 langabetu gazte hartuko ditu, 18 urtetik 29 urtera bitartekoak gizonen kasuan eta 34 urte artekoak emakumeen kasuan. Lehentasuna izango dute Debabarrena eta Oarsoaldean erroldatutakoek. Ez da prestakuntza profil zehatzik eskatzen; oinarrizko ikasketak dituzten gazteak izan daitezke, lanbide heziketatik edo batxilergotik datozenak, unibertsitate ikasketak dituztenak... Baldintza bakarra da langabetuak izatea. Diputatuak azaldu duenez, "ez da beharrezkoa lan sektore jakin batean eskarmentua izatea, ezta esperientzia profesionala izatea ere".
Rocio Pérez Guardok, Anezkak programako Formazio eta Pertsonen arduradunak azpimarratu duenez, "anezketan talde oso heterogeneoak aurkituko ditugu, lehia zuzena alde batera utzi eta lankidetzaren kultura sustatzea baita asmoa. Parte hartzen dutenak elkarren osagarri izatea da helburua, lana bilatzen elkarri laguntzea, teknika berriekin, tresna berriekin...".

Lana bilatzera bideratutako dinamikak

Debabarrena eta Oarsoaldeko anezketan parte hartzeko hautatzen dituztenak astean hainbat egunetan bilduko dira, Debegesak eta Oarsoaldeak lagatako lokaletan. Teknikari baten laguntzarekin, coaching eta adimen emozionaleko saioak egingo dituzte, komunikazio dinamikak, marka pertsonala eta enplegu bilaketa 2.0, elkarrizketa pertsonaletarako entrenamendua, enplegagarritasun mapak, enpresetara bisitak, bilerak ekintzaileekin, lan bitartekaritzako prozesuak giza baliabideetako arduradunekin... "lana bilatzera bideratutako dinamikak".

Izen-ematea apirilaren 7ra arte

Proiektuan parte hartu nahi dutenek apirilaren 7ra arteko epea dute izena emateko, Anezka programaren web orrian edo zuzenean inprimakia Debegesaren bulegoetan entregatuta (Azitain industrialdea, 3 bis
). Informazio gehiagorako 943 820 110 telefonora deitu edo lanzadera@debegesa.eus helbidera idatzi daiteke.