Gema Baqué eibartarrak “Los años robados” bere lehen eleberria aurkeztu du gaur goizean Donostian
Gaur goizean aurkeztu du Gema Baqué eibartarrak bere lehen eleberria, Los años robados izenburuko liburua Donostian. Alberdania argitaletxeak kaleratu duen eleberriak familia-sekretuen istorio bat kontatzen du, joan den mendeko 40ko eta 90eko hamarkaden artean gertatutakoak, 2014-2015 urtera arte familia bateko hainbat belaunaldiri eragiten dietenak. Egilearen berbetan, “2020ko konfinamenduan hasi nintzen idazten, urteak inguruan neramatzan istorio bat islatzeko aukera ikusi nuenean. Nerabezarotik idazten dut, eta formatu luzeekin esperimentatzeko gogo handia nuen, baina ez nuen uste horretarako aukerarik izango nuenik, erretiroa hartu arte. Zorionez, pandemiak gauza positibo batzuk ekarri zituen”.
Eleberrian kontatzen duen istorioan, Eibar da abiapuntua: “Mikel Eibarrera itzuliko da, bertako foball taldea Lehen Mailara igotzeak eskaintzen dion lan aukera bategatik, baina bere benetako motibazioa beste bat da: bera nerabe zela, aita desagertzeko arrazoia zein izan zen jakin nahi du. Izeba Carmenekin batera egiten duen ikerketak Eibar, Lizarra, Iruña, Deba, Donostia eta Madril lotzen ditu, eta bere familiako kideei sakonki eragingo dien egia deseroso bateraino eramango du protagonista”.
Gema Baqué (Eibar, 1972) Enpresa Kudeaketan eta Marketinean diplomatua da, Bilboko Marketing Goi Eskolan (gaur egun Cámarabilbao University Business School), eta ESEUNE Business School-en Executive MBA du. Ibilbide profesionala Euskal Herriko, Erresuma Batuko eta AEBetako hainbat enpresatan egin du. AEBetan, betiere marketinaren eta komunikazioaren esparruan. Los años robados bere lehen eleberria da.