Geoparkean irteera geologikoa egiteko aukera izango dugu uda osoan zehar

Irteerak ia egunero egingo dira hurrengo asteetan, Zumaiako turismo bulegotik abiatuta
Geoparkean irteera geologikoa egiteko aukera izango dugu uda osoan zehar
2024/07/10 11:46
eta kitto!

Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatutako irteera honetan munduko gune geologiko nagusietako baten sekretuak ezagutzeko aukera dago, oinez lehendabizi, itsasontziz ondoren. Gidari espezializatu batek geologoen jardueraren berri eman eta harkaitzetan jasota gelditu diren hainbat gertakari ulertzen lagunduko du, hala nola dinosauroen desagerpena eta aldaketa klimatikoak. Irteeran parte hartzen dutenek itsaslabarrak oinez ezagutuko dituzte eta ondoren itsasontzian abiatuko dira, uretatik labarren ikusmira ederrena izateko.

  • Iraupena: 03:15
  • Bisitari kopuru mugatua: 25
  • Beharrezkoak: Berokia eta oinetako egokiak.
  • Gutxieneko adina (urteak): 12
  • Prezioa: 22,00 €
  • Irteera puntua: Zumaiako turismo bulegoa (Kantauri plaza 13, Zumaia)

Ohar garrantzitsua:
Itsasontzi irteera itsasoaren egoeraren baitan egongo da. Bisitarien segurtasuna lehenetsiko dugu beti Geoparkean.
Ura eta oinetako itxiak eramatea gomendatzen da.


Euskal Kostaldeko Geoparkearen geologia askotarikoa da, oso ikusgarria eta ulertzeko nahiko erraza. Ikuspegi zientifikotik Zumaiako flyscha da Euskal Kostaldeko Geoparkearen bereizgarri nagusia. UNESCOk eta Geologia Zientzien Nazioarteko Batasunak (IUGS) flyscharen nazioarteko garrantzia aitortu dute, baina askoz gehiago dago. Kontsultatu Geoparkeko mapa geologikoa eta geologia-interesguneak.