Gerrako kantuen memoria dantzan, Eibarko 61. Euskal Jaian

Gerrako kantuen memoria dantzan, Eibarko 61. Euskal Jaian
Eibarko Euskal Jaia, 2025-05-25. Argazkia: Felipe Loiola - Kezka dantza taldea cc-by-sa
2026/05/25 12:43
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Klub Deportiboak antolatutako 61. Euskal Jaiaren baitan, oroimen historikoa, euskal musika eta dantza uztartuko dituen “Gerrako ibilerak dantzan” ekitaldia egingo da maiatzaren 30ean, zapatua, Untzaga plazan.

Proposamenak Juan Antonio Urbeltzek irudikatutako ikuspegia du abiapuntu, eta Joseba Tapiaren Agur Intxorta Maite diskoan jasotako gerra garaiko kantuak izango ditu ardatz. 1936ko gerra hasi zenetik 90 urte betetzen diren honetan, helburua memoria historikoa dantzaren eta musikaren bidez biziberritzea da, iraganeko testigantzak gaur egungo gorputzetara ekarriz.

Memoria eta errautsen gaineko dantza

1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarrak eta ondorengo gerrak utzitako arrastoak izango dira ekitaldiaren oinarri. Intxorta, Akondia eta Kalamua inguruek bizi izan zuten suntsiketa gogora ekarriko da, eta gerraren ondoriozko bizipenak, sufrimendua eta oroitzapenak kantuen eta dantzen bidez plazaratuko dira.

Diskoan jasotako kantuetan ageri diren istorioek —erbestea, galera, itxaropena eta tragedia— gorputzaren bidez izango dute jarraipena. Aldi berean, Pepe Bolunbururen "Gerrako gure ibilerak" bezalako kantuetan ageri den umore garratzak ere presentzia izango du, gerra bizipenen konplexutasuna agerian utziz.

Kantuak dantza bihurtuta

Ekitaldiaren muinean Joseba Tapiaren zuzeneko emanaldia egongo da, eta harekin batera arituko dira Arkaitz Miner (biolina eta gitarra), Iraide Ansorena (perkusioa) eta Quico Puges (txeloa). Fandango, balts, tango, habanera eta kalejira formetan jasotako kantuak dantzara eramango dira, Urbeltzen ikuspegitik: komunitatea zirkuluan, “GU” gisa dantzan.

Argia dantzari taldean garatutako irradaka edo borobileko dantzen ideiatik abiatuta, Eibarko Untzaga plaza dantza-esparru kolektibo bihurtuko da, non Kezka, Haritz, Gure-Kai, Txindurri eta Gorosarri taldeetako 300 dantzari inguruk parte hartuko duten.

GU gisa dantzan: “GU gara edo ez gara izango”

Ekitaldiaren oinarrian Urbeltzek behin eta berriz azpimarratutako ideia dago: dantza ez da banakako jarduna, baizik eta komunitatean sortzen den adierazpena. Gorputzak elkarrekin mugitzen direnean hartzen du zentzua, eta horregatik “GU” kontzeptua bihurtzen da ardatz.

Ez da norbanakoaren erakustaldia, baizik eta herri baten adierazpena: historia, memoria eta identitatea batera dantzatzen dira. Trintxeretan sortutako kantuak, gerra garaiko testigantzak eta ondorengo oroitzapenak gorputz bihurtuko dira, eta plazan elkartuko dira iragana eta oraina.

Eguna eta xehetasunak

Data: 2026ko maiatzaren 30a, zapatua
Ordua: 12:30
Lekua: Untzaga plaza, Eibar
Antolatzailea: Eibarko Klub Deportiboa

Musikariak: Joseba Tapia, Arkaitz Miner, Iraide Ansorena eta Quico Puges
Dantzariak: Kezka (Eibar), Haritz (Elgoibar), Gure-Kai (Deba), Txindurri (Ermua), Gorosarri (Eskoriatza) eta herritar parte-hartzaileak

Ekitaldia Eibarko Euskal Jaiaren barruan egingo da, eta egun osoan zehar kalejirak, bazkaria, erromeria eta larrain-dantza ere izango dira herriko hainbat gunetan. Informazio gehiagorako, ikusi Euskal Jaiko antolakuntzako kideei eginiko elkarrizketa.

Dantza-ekitaldiak Eibarko Euskal Jaian - Maiatzak 30, zapatua

  • 12:15 Eibarko Dantzarien kalejira. Errebaletik Untzagara.
  • 12:30 Gerrako Ibilerak Dantzan Untzaga plazan. Musikariak: Joseba Tapia, Arkaitz Miner, Iraide Ansorena eta Quico Puges. Dantzariak: Kezka (Eibar), Haritz (Elgoibar), Gure Kai (Deba), Txindurri (Ermua) eta Gorosarri (Eskoriatza).
  • 15:00 Bazkaria Errebalen Bentaberriko Mutiko Alaiekin.
  • 18:15 Kalejira Errebaletik Deportibora.
  • 18:30 Erromeria Eingo taldearekin Deportibo aurrean.
  • 20:00 Larrain-dantza Tolosako gaiteroekin Deportibo parean eta Kultu parean Tolosako gaiteroekin.