Euskal Jaia ate joka: euskara eta euskal kultura ardatz

Maiatzaren azken asteburuan ospatu izan ohi da Euskal Jaia eta, aurten ere, festa izango dugu asteburu horretan, baina jaia ez da horretara mugatuko. Iaz hasitako bideari jarraituz, hilaren 21az geroztik hainbat ekintza egingo dira, poliki-poliki maiatza euskararen eta euskal kulturaren hilabetea bihurtzeko asmoz.
Euskal Jaia ate joka: euskara eta euskal kultura ardatz
2026/05/15 11:07
Ekhi Belar Errasti

Eibarko Euskal Jaiaren 61. edizioa ospatuko da aurten. Sona handiko festa izaten da gurean eta demaseko parte-hartzea izaten du herrian. Noski, hori horrela izateko lan handia dago atzetik eta horren lekuko dira Miren Hazas, Julen Bartolome eta Aresatz Usobiaga. Euskal Jaiaren antolakuntzan ibili dira hirurak eta Eibarko Klub Deportiboak, herriko beste eragile batzuekin elkarlanean, jai hauen inguruan prestatu dutena azaldu digute.

Klub Deportiboa hausnarketa prozesuan dabil azken denboran eta Euskal Jaia ere horren barruan dago. Horrela, berritasunak eta aldaketak izango ditu jaiak aurten eta, adibidez, ez da kantu afaririk egingo eta azken asteburuko domekan ez da ekintzarik izango. “Herritarren parte-hartzea jarri nahi da martxan eta Euskal Jaiko asteburua lar luze geratzen zela ikusten genuen”, diosku Usobiagak. “Jendeak jaia bizitzea nahi dugu, euskaraz gainera, eta oraingoan batez ere zapatuan kontzentratuko dira ekintza gehienak, baina aldaketa hortik haratago doa”.

Izan ere, Euskal Jaia ez da asteburura mugatzen eta ekintzak hamar egun lehenago hasiko dira. “Iaz hasi ginen Euskal Jaiaren aurreko asteburua ere indartzen zerbait xumea eskainiz (kontzertu bat prestatu genuen), baina aurten ekintza gehiago egingo ditugu eta ez bakarrik aurreko asteburuan, baita beste egun batzuetan ere”, gehitzen du Bartolomek.

Usobiagak esan bezala, “orain arte, Euskal Jaia musikaren eta dantzaren inguruan mugitu da batipat, baina orain beste ekintza batzuk bultzatu nahi ditugu, hitzaldiak, bakarrizketak...”. Izan ere, ideia da maiatza osoa hartuko duen egitaraua prestatzea euskara eta euskal kultura ardatz izango dituena.

Miren Hazas, Julen Bartolome eta Aresatz Usobiaga dira Euskal Jaiaren antolakuntzan ibili diren lagunetako batzuk.
 

Eragileekin elkarlanean

Eibarko Klub Deportiboa ibiltzen da Euskal Jaiaren antolakuntzan, baina herriko hainbat eragilerekin elkarlanean egingo ditu aurtengo ekintzak. “Euskal kulturaren inguruan lan egiten duten herriko beste eragile batzuekin elkarlanean hasi gara. Aurretik ere egin dugu zerbait, baina aurten gehiago izan da kontzienteki, bilerak eginez... Ez bakarrik lan puntual batzuk egiteko, baizik eta gure esparrua zabalduz”, aipatzen du Usobiagak.

Gauzak horrela, Eibarren Akebai, Gure Esku, Jaixak Herrixak Herrixandako, Arrate Kultur Elkartea, Dantzan, Eibart eta Debemen ere ibili dira Euskal Jairako gauzak prestatzen. “Aipatzekoa da Kulturen papera. Beti egon da Euskal Jaiaren atzean. Izatez, eurak hasi ziren Euskal Jaia antolatzen eta gero Deportiboak hartu zuen erreleboa, baina guretzat oso bidelagun garrantzitsua da”, Usobiagaren berbetan.

 

Hitzaldiak eta bakarrizketak

Euskal Jaiaren egitaraua hilaren 21ean hasiko da, 19:00etan, Klub Deportiboan, Lourdes Iriondoren inguruko hitzaldiarekin eta kantaldiarekin. Hitzaldian Alex Gurrutxaga izango dugu, Lorea Jainaga eibartarrarekin batera ‘Lourdes Iriondo bide-urratzaile’ liburuaren egilea, eta egin duten lanaz jardungo du, ondoren Iriondoren kantak abesten amaitzeko.

Hurrengo egunean, 22an, ‘Eskilarapekoa’ izeneko bakarrizketa eskainiko dute Idoia Torregaraik eta Mirari Martiarenak, 18:45ean, Depor parean. Eta bakarrizketekin jarraitzeko, 23an, zapatuan, 19:00etatik aurrera, Lander Varona, Beñat Iturbe eta Jone Bengoa eibartarra izango dira Deportiboan.

Gustora barre egin ondoren, musika izango da protagonista Euskal Jaiko lehen kontzertuekin. 20:00etan, Depor parean, ‘Ur’ eta ‘Mixerableak’ taldeak zuzenean ikusteko aukera egongo da.

Asteburu horretan ere, 24an, ‘Oteiza 14 apostolu’ filma emango dute, 18:00etan, Portalean, eta ondoren, 19:30ean, ‘Apostoluen sokadantza’ egingo da Juan Antonio Urbeltzekin. “Argia dantza taldearen ikuskizun batetik ateratako sokadantza da, oso ikusgarria”, Hazasen ustez. “Argia Donostian sortutako taldea da, baina azken urteetan Euskal Herri osoko dantza talde ezberdinekin osatu da”, eta maskarak jantzita ibiliko diren arren, eibartar batek gutxienez eurekin egingo du dantza.

Hitzaldiekin jarraituz, hilaren 28an, eguena, 19:00etan, Garikoitz Goikoetxearen ‘Esnatu ala hil’ liburua aurkeztuko dute Deportiboan eta idazlea izango da bertan solasaldia egiteko.

 

Maiatzeko azken asteburua

Aurreko egunetan giroa berotu ondoren, maiatzeko azken asteburuan egingo du eztanda Euskal Jaiak. 29an, barixakua, 19:00etatik 21:30era kale animazioa egongo da herriko kaleetan zehar Mausitxa txarangarekin, txistulariekin eta gaiteroekin. “Jaia herriko auzo ezberdinetara eramatea nahi izan dugu (Urkizura, Ipurua ingurura, eta Amaña eta Legarre ingurura). Horrela, herriko puntu ezberdinetan musika mota ezberdinak egongo dira entzungai”, azaldu digu Hazasek.

Ondoren, 22:00etan, kontzertu handia egongo da Untzagan. “Sorotan Bele ekartzeko apustu handia egin dugu. Guretzat oso talde garrantzitsua izan da. Eibarko Musika Bandarekin batera eskainiko dute kontzertua eta hori ere pozgarria da, banda Euskal Jairako batu dugulako”, diosku Bartolomek.

Zapatua, hilaren 30a, ekintzaz beterik etorriko da goizetik gauera arte. Hasteko, 09:30ean, artisauen eta baserritarren azoka egongo da Toribio Etxebarria kalean. Hartara, Eskune, Eskula, Isabel Orozco eta Zugehini artisauak egongo dira, besteak beste; eta baserritarrei dagokienez, Amazabalegi, Sosola, Loixola, Mandiola Gañekua, Egotza eta Lizagasar. Gainera, goiz osoan zehar, kale berean, stand-a jarriko du Klub Deportiboak eta Gure Eskuk talo-postua ipiniko du Untzagako arkupeetan.

Kirolak ere izango du tokia egitarauan. 11:00etatik 13:00etara VI. Pala Txapelketako finalak jokatuko dira Astelena frontoian; eta 11:00etatik 12:30era herri-kirolak egingo dira Untzagan Zihara Zabala, Leire Olea, Jon Loiola eta Jon Lapazaranekin.

Kaleak animatzeko, 12:00etatik 15:00etara txistu poteoa egongo da Tolosako gaiteroen eta Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearen eskutik; eta 12:15ean Euskal Jaiko kalejira hasiko da Errebaletik.

Jaia Errebalera itzuliko da gero, 15:00etan kantu bazkaria egingo delako bertan, baina lehenago, 12:35ean, zita garrantzitsua izango dugu Untzagan. Izan ere, Euskal Jaiko Dantza Jaialdia egingo da bertan goi mailako musikariekin eta dantzariekin. Musikarien aldetik Joseba Tapia, Arkaitz Miner, Quico Puges eta Iraide Ansorena izango dira, eta Kezka, Haritz, Gure-Kai, Gorosarri eta Txindurri dantza taldeak ibiliko dira dantzan. “Intxortako kantuekin etorriko dira musikariak eta, horrekin, memoria historikoari keinua egin nahi diogu. Honekin lotzen da, baita ere, Lourdes Iriondoren kantaldia”, azpimarratzen du Usobiagak.

Bazkaldu eta abestu ondoren, 18:00etan, kalejira egingo da Errebaletik Deportibora eta, 18:15ean, dantzaldia egingo da Depor parean Eingo taldearekin. 20:00etan, toki berean, larrain-dantza herrikoia egingo da, gero Kultu parean egingo delarik; eta Kultun dantza egiten duten bitartean, 20:30ean, Iskra Selektorsek binilo pintxada egingo du Depor parean.

Errematea gauean etorriko da, 23:00etan, Untzagan egingo diren kontzertuekin. Bertan, Itziarren Semeak eta Mugi Panderoa taldeak egongo dira.

Festarako gogoa besterik ez da behar izango Euskal Jaiaz gozatzeko. Hori eta baserritar jantzia, denok baserritar jantzita joan gaitezen eskatzen dutelako antolatzaileek.