"Geuretik" diska kaleratu dute Aintzane Agirrebeñak eta Mirari Azkunek
Ibilbide luze xamarra egin behar izan duen arren, kalean da Mirari eta Aintzaneren disko berria: Geuretik. "2016an Bidea hauspotzen izeneko lehen diskoa kaleratu genuenetik hainbat jaialdi eta plazatan aritu gara jotzen, eta Markina-Xemeingo Helduen Trikiti txapelketako zenbait ediziotan ere parte hartu dugu. Txapelketarako eta jaialdietarako prestatutako piezak disko batean biltzea erabaki genuen eta, garai hauetan jada disko gutxi kaleratzen den arren, bide berri honi ekitera ausartu ginen. 2019an hasi ginen kantak grabatzen Eibarko LegarRec estudioan, baina, pandemiaren eraginez, geldialdia etorri zen. 2023an berrekin genion diskoaren grabaketari eta apurka-apurka diskoa osatzen duten 14 abestiak grabatu genituen 2024 hasierarako. Baina diskoaren grabaketaz arduratu zen Walter Tuzzeo soinu-teknikariaren heriotzak kolpe gogorra eragin zigun. Izan ere, Walter Tuzzeo soinu-teknikaria izatez gain, laguna ere bazen, eta bere lanak (bai aholkulari gisa eta bai partaide gisa) pisu handia zuen kaleratu berri den disko honetan. Azkenean, nola-hala arazo guztiei aurre eginda, argia ikusi du Geuretik diskoak, nahasketa Balea estudioan egin ostean", azaldu dute.
Walter Tuzzeoz gain, Eugenio Gisasola `Lutxurdio´k, Zaloa Zenarrutzabeitiak, Miren Errastik, Agurtzane Mujikak eta Iñaki Ortegak ere parte hartu dute diskoan. Diskoaren azala eta diseinua, berriz, Mireia Agirrebeñak egin ditu. Esan bezala, 14 abestik osatzen dute diskoa eta denetarik entzun daiteke bertan, bai trikiti piezak eta baita lotukoak ere, horietako asko mexikar estilokoak. Diskoa Lasarteko Tirikitrauki dendan, Azkoitiko Isidro Erretegian, Etxebarriko Olaia jatetxean eta Eibarren, Arrate Irratian, eskuratu daiteke, USB edo CD formatuan. Interesa duena Mirarirekin (635707325) edo Aintzanerekin (627716382) ere jar daiteke harremanetan.