Gipuzkoa Martxan, mugikortasun aktiboa sustatzeko kanpaina Eibarren egongo da asteburuan
2023/03/24
21:32
eta kitto!
Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Gipuzkoa Martxan izeneko kanpaina abiarazi du, “oinezkoen erabilerarekin lotutako mugikortasun aktiboa sustatzeko, bai bidegorriena, bai gure herri eta hirietako ibilbideena”, eta asteburu honetan Eibarrera ailegatuko da ekimena. Zapatuan (10:30etik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era) eta domekan (10:30etik 14:00etara) Untzagan karpa ipiniko dute: “Bertan, bisitariek, programatutako jarduerei buruzko informazio zehatza aurkitzeaz gain, udalerritik hurbil dauden bide berdeei buruzko informazioa izango dute eskura”. Gainera, egun bietan umeendako ginkana zabalduko dute 10:30ean eta haurrek egun osoan izango dute jolasteko aukera: “Txikienek, gainera, puzgarriak eta pedalei eragiteko pistak izango dituzte eskura”. Horrekin batera, bihar martxa nordikoa egiteko aukera egongo da. Soraluzeko trenbide zaharreko bide berdean egingo da ibilketa, 11:00etan hasita. Ordu erdi lehenago, 10:30ean jarraibideak emango dira eta parte hartzeko materiala banatuko da Untzagan. Eta, egitaraua biribiltzeko, bi ibilbide kultural eskainiko dira: “Eibartik paseatzen duela 100 urte” (bihar) eta “Made in Eibar” (etzi). Biak abiatuko dira Untzagatik, 12:00etan.