Gipuzkoako liburu-dendek Zilarrezko Euskadi Literatura Sarien inguruko kanpaina abiatu dute

Eibarren, Burbujas y Más dendak egin du bat ekimenarekin.
Gipuzkoako liburu-dendek Zilarrezko Euskadi Literatura Sarien inguruko kanpaina abiatu dute
2024/10/08 17:28
eta kitto!

Irakurketa sustatzeko eta aitorpen handiagoa merezi duten liburuak erreskatatzeko asmoz, Gipuzkoako liburu-dendek 2024ko Zilarrezko Euskadi Literatura Sarien inguruko kanpaina antolatu dute. Horrela, ekimenarekin bat egin duten liburu-dendetan zerbait erosten duen 18 urtetik gorako edonor sartu ahal izango da lehiaketa honetan. Parte hartzeko, zerbait erosten duenak kode bakarra duen orri-markagailu bat jasoko du. Kode honekin, kategoria bakoitzeko finalisten artean gustukoen duen lanaren alde bozkatu ahal izango du,  www.gipuzkoaliburudendak.com web orriaren bidez. Atzo hasi eta urriaren 20ra bitartean martxan egongo den kiniela asmatzen duenak bazkari bat irabazi ahal izango du, Donostiako jatetxe batean, 2024ko Zilarrezko Euskadi Sarien irabazleekin, baita kategoria bakoitzeko obra irabazleak barne hartuko dituzten lau liburu-sorta ere. Sari banaketa ekitaldia Donostiako Fermin Calbeton kaleko Elkar liburudendan egingo da, urriaren 30ean.

Andoaingo, Arrasateko, Azkoitiko, Beasaingo, Bergarako, Donostiako, Eibarko, Elgoibarko, Errenteriako, Hernaniko, Irungo, Pasaiako, Tolosako eta Zarauzko 30 liburu-dendek egin dute bat ekimenarekin. Eibarren, Estaziño kalean dagoen Burbujas y Más dendak dihardu kanpaina honetan parte hartzen.

Gipuzkoa Merkatariak elkartearen barruan dagoen Gipuzkoako Liburu Denden Elkarteak Zilarrezko Euskadi Literatur Sariak banatzen ditu urtero. Sari horien helburua da hilero iristen diren argitalpenen artean Gipuzkoako liburu-denden iritziz aintzatespen osoa lortu ez duten bitxiak “erreskatatzea”. “Bigarren aukera” honi esker, bidegabeki bigarren mailan geratu ziren lanak balioan jarri ahal dira, baita horrelako tituluen alde egiten duten argitaletxeen lana eskertu ere. 2024ko Zilarrezko Euskadi Literatura Sarien kanpainari eta finalistei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, www.gipuzkoaliburudendak.com bisitatu dezakezue.