Gizakiaren enigmak mintzagai Portalean

Gizakiaren enigmak mintzagai Portalean
2018/10/19 08:31
eta kitto!
Ideia onenak lagun arteko bazkarietan irteten dira askotan, elkarte gastronomikoetako sukaldeen inguruan. Horrela piztu zen asteburu honetan Portaleak jasoko duen ‘Gizakiaren enigmak’ kongresuaren lehen txinparta ere. Leyre Villar eta Jose Luque aspaldiko lagun onak dira eta beti izan dute historia, misterio eta enigmen inguruko zaletasuna, baina hemendik kanpo joan behar izaten ziren gai hauen inguruko hitzaldi eta kongresuak ikusteko. Mahoma mendira ez badoa, Eibarren gizakiaren enigmen inguruko kongresua antolatzeko erronka hartu dute biek.

 

Elkarte gastronomikoko mahaitik Portaleko areto nagusira pasatzeko lan handia egin dute Leyre eta Josek, baina urtebeteko lanak asteburu honetan izango du saria. Hari batetik tiratuz asteburu osoko programa osatu dute, gizakiaren hainbat enigmei erantzuna bilatzen saiatu, eta Eibar eta inguruetako historia eta misterioen berri emateko. “Leyrek Javier Arries ezagutzen zuen eta hizlarien izenak eta gai posibleak proposatu zizkigun”, esan digu Josek. Hurrengo pausoa Toti Martinez de Lezea idazlearekin berba egitea izan zen, eta Paz Velasco abokatu eta kriminologoa etortzea lotu zuten gero. Donostiko Liburu Etxean ‘Criminalmente’ liburua aurkeztu zuen Velascok eta han egin zion proposamena Josek. “Ideia zoragarria iruditu zitzaion eta gurekin izango dugu domekan.

Eta horrela, poliki-poliki, sei hizlari izango dituen ‘Eibar hiriko kongresu kulturala. Gizakiaren enigmak’ batzarra antolatu dute asteburu honetarako. Bihar, zapatua, 10:00etan kongresuaren aurkezpena egingo da eta Toti Martinez de Lezea, Cristina Lopez eta Fermin Mayorga izango dira goizeko hizlariak. Gero, bazkalostean, Nerea Alustiza historialari eibartarrak bisita gidatua eskainiko du eta 19:00etan ‘Tiempo de hadas’ irratsaioaren zuzeneko grabaketa egingo da Portalean. Domekan, bestetik, goizean gauzatuko da programa, 10:30ean hasita, eta bertan Javier Arries, Manuel Berrocal eta Paz Velascok hitzaldiak eskainiko dituzte.

 

Hitzaldiak, bisita gidatua eta irratsaioa

Toti Martinez de Lezea izango de kongresuko lehen hizlaria. Gasteizko idazleak ez du aurkezpen handirik behar. Euskal mitologiak toki garrantzitsua dauka bere liburuetan eta hortaz jardungo du Portalean. Gero, Cristina Lopezek hartuko du Lezearen txanda. ‘Emakume jakintsuak, sendalariak eta sorginak’ izango da bere hitzaldiaren izenburua. Madrilgo ospitale bateko sendagilea da Lopez eta sorginkeriaz egingo du berba. “Sorginei buruz berba egiten dugunean sudurrean garatxoa duen emakumea etortzen zaigu burura, baina emakume jakintsuak izan ohi ziren sorgintzat hartzen zituzten horiek. Sendabelarren inguruko ezaguerak izaten zituzten eta garai hartan, elizak eta gizonezkoek menderatutako gizartean, horrelako ezaguerak edukitzea heresia zen”.

Fermin Mayorga izango da zapatuko azken hizlaria. Eibarko historiari helduko dio eta herrian egon diren heretikoei buruz egingo du berba. “Inkisizioaren inguruan aditua da eta Eibarko prozesu inkisitorialari buruzko ikerketa sakona egin du”. Inkisizioak prozesatu zituen eibartarren izen eta abizenak emango ditu, eta Zugarramurdi eta Eibarren arteko erlazioaz mintzatuko da. “Sorgin bat geneukan hemen”, dio Josek, “baina ezin dut gehiago kontatu”. Gainera, galdera bitxia bota dio Mayorgak Joseri. “Eibarko ‘Sorginaren etxea’ ezagutzen dudan galdetu dit, baina ez dakit zein den”.

Zapatuko hitzaldiak entzun eta bazkaldu ostean, Nerea Alustiza historialari eibartarrak bisita gidatua egingo du San Andres elizan. “Elizaren historia aztertuko du eta munduan dauden bizar bariko hiru Kristoetako bat Eibarren dagoela kontatuko digu, besteak beste”. Bisita 17:00etan hasiko da San Andres elizako atean.

Tiempo de hadas’ irratsaioa zuzentzen duen Ada Garcia eta Miguel de Miguel misterioetan aditua izango dira kongresuaren aurkezleak. “De Miguelek ibilbide luzea dauka gai hauen inguruan eta Garciaren irratsaioa oso gustoko dut, atsegina delako eta ez dituelako ohiko misteriozko gaiak jorratzen”, dio Josek. Bihar, 19.00etan, irratsaioaren grabaketa egingo da Portalean eta kongresuan parte hartuko duten hizlariak Garciarekin jardungo dute bertan. ‘Zuentzat misterioa zer da?’ galderari erantzun beharko diote hizlariek.

 

Egiptotik Euskal Herriko hilketetara

Javier Arriesek antzinako Egiptoko magiari buruz berba egiten zabalduko du domekako saioa. “Fisikan lizentziatua da eta oso adimentsua”. Hainbat liburu kaleratu ditu eta antzinako Egiptoko magiari buruz egiten du berba azken liburuan. “Kongresuan denetariko gaiak jorratzea da gure asmoa eta Egiptori buruzko gaiek beti dute publikoa, beti da interesgarria”.

Manuel Berrocal psikiatra izango da domekako bigarren hizlaria. “Orain dela gutxi polemika sortu zuen gai bat ekarriko digu. Izan ere, esaten zen umeei ez zitzaiela maitagarri, printze eta printzesa, eta horrelakoei buruzko ipuinak kontatu behar”, dio Josek. “Ba ez, ipuinak lehenagotik datoz eta horien atzean zerbait dago”. Hori azaltzeko Hansel eta Gretelen ipuina jartzen du adibide moduan. “Euren aitak basoan bakarrik uzten ditu eta, horren bitartez, ipuin hori irakurtzen duen umeari esaten zaio egunen batean bere gurasoak ez direla egongo eta bere kabuz bizitza aurrera atera beharko duela”. Umeen ipuinen muinera joko du Berrocalek. “Ipuinen zergatia kontatuko du”.

Paz Velascok emango dio amaiera kongresuari. Euskal Herrian egon diren psikopata eta hiltzaileen istorioak ekarriko ditu. “Zakuaren gizona existitu zen. Diaz de Garaio zuen abizena eta Gasteizkoa zen”, Josek dioenez. “Eibarren ere izan ditugu hiltzaileak eta sakamantekak (errai-ateratzaileak)”. Umeen gantzak tuberkulosia sendatzen zuela sinestuta umeak hiltzen zituztenak ziren errai-ateratzaileak. “Hitzaldietara joaten dena harrituta irtengo da Portaletik, horrelako istorioak hain hurbil gertatu izanagatik”.

 

Kongresua herrian errotu

Eibarri ekarpen kulturala eskaintzea da antolatzaileen asmoa. “Gure herrian ez dira egin mota honetako kongresu kulturalak eta probatzea nahi dugu”, Joseren berbetan. Udalarekin berba egin eta ideia gustatu zitzaien. “Portaleko areto nagusia eta ikus-entzunezko materiala erabiltzeko aukera eman digute, baina momentuz ez dugu diru-laguntzarik jaso, horretarako herrian errotutako ekitaldia izan behar delako”. Ekimen hau herrian errotzea da antolatzaileen asmoa eta, horretarako, asteburu honetan jendea kongresura joatea garrantzitsua da. “Sarreren salmenta nahiko makal doa momentuz, baina askotan azken momentura arte itxaroten du jendeak eta egunean bertan erosi ahal izango dira sarrerak”.

Sarreren prezioa 25 eurokoa da eta Adhara zentroan (Elgeta Kale, 2) eta Dandara dendan (Bidebarrieta, 3) erosi ahal dira. Sarreren salmentarekin lortutako irabaziak ‘Sentimientos de cristal’ elkarteari emango dizkiote antolatzaileek. Kristalezko hezurren gaixotasuna duten pertsonei laguntzeko sortutako elkartea da eta euren jardunari buruz egingo dute berba ‘Gizakiaren enigmak’ kongresuaren aurkezpenean.