Goenkalekoak Coliseoko taula gainean izango dira barixakuan
Glu Glu Producciones antzerki taldeak bihar (barixakua, hilak 18) 20.30etan Goenkale. Kondesaren erretratua, emisioan 18. urtea bete duen ETBko telesailean oinarritutako antzezlana taularatuko du (sarrerak 10 eurotan salgai, saioa hasi baino ordubete lehenago). 2013ko uztailera bitartean hainbat antzokitan eskainiko den lan honetan Xabier Perurena (Ibon), Ylenia Baglietto eibartarra (Eider), Felix Arkarazo (Andoni), Maria Cruickshank (Itxaso), Yannick Vergara (Rakel) eta Carlos Nguema (Nelson) aktoreek egiten dute lan, Jokin Oregik zuzenduta. Antzezlanean telesailari arrakasta eman dioten elementuei (intriga, maitasun istorioak), barrea eragingo duen komedia gaineratu diete. Egileen berbetan, "ikusleen gozamenerako atondutako egitasmoa da eta sorpresa bat edo beste ere egongo da. Besteak beste, telesailaren hastapenetako pertsonaien gainean orain arte ezkutuan gordeta egon den daturen bat ezagutzeko aukera izango da".