Gorputza mogidu eta Eibar ibilixan ezagutzeko aukera

Hilean birritan, barixakuetan, herriko txoko ezberdinak ezagutzeko irteerak antolatzen dira
Gorputza mogidu eta Eibar ibilixan ezagutzeko aukera
2024/04/23 10:15
eta kitto!

Jarduera fisikoa erregulartasunez egiteko eta belaunaldien arteko gizarte-harremanak sustatzeko programa da Ibilixan. Horretarako, hilean birritan, anbulatorio paretik abiatuta, Eibarko txoko ezberdinak ezagutzeko irteerak egitea proposatzen dute, taldean, monitore batek lagunduta.

 

Ibilixan programa Eibar Mogidu ekimenaren barruan kokatzen da. Mogidu Eibarko Udalaren kirol sailak eskaintzen duen jarduera fisikoaren doako orientazio zerbitzua da, eta erabiltzaileei laguntzea eta aholkuak ematea du helburu, bizimodu aktiboagoa eta osasungarriagoa izan dezaten. Zerbitzua jarduera fisiko baxua duten pertsonei dago zuzenduta bereziki, patologiarik izan edo ez, eta adina, egoera funtzionala edo egoera sozio-ekonomikoa edozein dela ere.

2018ko azaroan Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua eratu zen, «Eibar Mogidu» izenarekin. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, jarduerarik eza hilkortasunaren laugarren arrisku-faktorea da mundu mailan, hipertentsioaren, obesitatearen eta tabakismoaren atzetik. Herritarren osasuna eta ongizate orokorra hobetzeko helburuarekin sortu zen ekimen hori, aktibo ez dauden eta sedentarioak direnei jarduera fisikoa egunerokoan txertatzen laguntzeko.

Kimberly Lopez de Aretxaga da zerbitzua eskaintzeaz arduratzen den jarduera fisikoko teknikaria eta astean birritan eskaintzen du aurrez aurreko arreta, Astelena frontoian duten egoitzan: martitzenetan 11:00etatik 17:00etara, eta barixakuetan 09:00etatik 13:00etara. Dena dela, informazio gehiago izan edo berarekin harremanetan jartzeko, 688 724 174 telefonora deitu edo mogidu@eibarkirola.eus helbidera idatzi daiteke.

 

Ongizate integrala bilatu

Hain zuzen ere, eta Mogidu ekimeneko atal bat izanik, Lopez de Aretxaga arduratzen da Ibilixan zerbitzua eskaintzeaz ere. “Oso profesional prestatua da”, esan digute Eibar Kirolatik. “Fisioterapeuta da eta Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Zientzietan lizentziaturak egin ditu. Beraz, gaian oso aditua da”, gehitzen dute.

Ibilixan programaren helburua sedentarismoa ekiditea, eibartar guztiengana iristea eta hauek aktibatzea, bizitza aktiboa sustatzea eta ongizate integrala bilatzea da. “Ez dugu ongizate fisikoa sustatu nahi bakarrik, baizik eta soziala eta psikologikoa ere, sozializazioa sustatzen dugulako”, esan digute programaren arduradunek.

Zerbitzua doakoa da, eta Mogidu ekimeneko erabiltzaileei eta Eibar Kirola txartela dutenei dago zuzenduta. Horrela, izena eman nahi izanez gero, teknikariak@eibarkirola.eus helbidera idatzi daiteke. “Ez dugu mugarik jarri goitik, momentuz ez dugulako izen-emate larregirik jaso; beraz, edozeinek eman dezake izena, baina parte hartuko dutela abisatzea komenigarria da, gu geu antolatzeko”, esan digute Eibar Kirolatik.

 

Ekainera arte

Irteerak bi astetik behin egiten dira, barixakuetan, eta anbulatorio paretik hasten dira, Toribio Etxebarria kaletik. Parte-hartzaileak goizeko 10:00etan biltzen dira bertan eta, “beroketa txiki bat egin ondoren”, ordubete eta ordu eta erdi inguruko ibilaldiak egiten dituzte handik abiatuta. “Batzuetan, herrian dauden parke osasungarrietan geldialdiak egiten dituzte, mobilitate artikularra, oreka eta beste hainbat arlo lantzeko”, esan digute.

Urritik ekainera arte eskaintzen den zerbitzua da eta, ondorioz, gaurkoa kontatuz gero, bost irteera geratzen dira ikasturtea amaitu baino lehenago: apirilak 19; maiatzak 3, 17 eta 31; eta ekainak 14.

Ibilbideei dagokienez, https://www.eibarkirola.eus/eu/ibilixan-ibilbideak/ webgunean ikusi daitezke egiten dituzten ibilbideak. “Gero, egunaren edo eguraldiaren arabera, bata edo bestea egiten dute”, esan digute Eibar Kiroletik. Kokatze aldera, herrian seinaleekin markatuta dauden ibilbideak dira, beraz, ez dago galtzeko aukerarik. bidegorritik, Amañako pasealekutik, bariantetik eta bestelako pistetatik. “Ibilaldia amaitutakoan luzaketa-ariketak egiten dituzte borobilean”, diote Eibar Kiroletik.