Gran Canaria – EKD Bike Team aurkeztu dute eta denboraldiko lehen lasterketa jokatu dute Zumaian

Taldekako sailkapenean 5. postua lortu zuen Zumaiako Sarian talde kanariar-eibartarrak
Gran Canaria – EKD Bike Team aurkeztu dute eta denboraldiko lehen lasterketa jokatu dute Zumaian
2026/03/02 10:54
Ekhi Belar Errasti

Ostiral arratsaldean, otsailak 27, Gran Canaria – EKD Bike Team taldea aurkeztu zuten Klub Deportiboaren egoitza parean. Kanariarren eta eibartarren arteko baturak toki bietako txirrindulari gazteen formakuntzan eta garapenean hobetzeko helburua du eta, bide horretan, dagoeneko hasi dute aurtengo denboraldian.

Ostiraleko aurkezpenaren ondoren, larunbatean Zumaiako Sarian estreinatu zuten maillota Gran Canaria – EKD Bike Teamekoek eta lan txukuna egin zuten, taldekako sailkapenean 5. postua lortuz. Matias Peñate izan zen talde horiaren txirrindulari onena (12. postuan), Daniel Lado (21.) eta Ekain Leizeagaren (23.) aurretik.

Lasterketa Haritz Felix Azurmendik (Eiser – Hirumet Team) irabazi zuen sprintean, Diego Ruiz de Arkauteren (Smartlog Nest) eta Iñaki Lopezen (Equipo Finisher / Kern Pharma) aurretik.