Gran Canaria – EKD Bike Team taldearen maillota aurkeztu dute

Eibarko Klub Deportiboak Gran Canaria Bike Team instituzioarekin elkarlan akordioa sinatu zuen azaroan
Gran Canaria – EKD Bike Team taldearen maillota aurkeztu dute
2026/01/20 12:10
Ekhi Belar Errasti

Kanaria Uharteetako eta Euskal Herriko txirrindulari gazteei etorkizunean aurrerapausoak bermatzeko akordioa sinatu zuten azaroan Eibarko Klub Deportiboak Gran Canaria Bike Team-ek (GCBT) eta, orain, maillot berria aurkeztu dute. “Klub Deportiboak, erabaki honen bitartez, oinarrizko txirrindularitzaren formakuntza eta garapenarekin duen konpromezua indartzen du”, eibartarren berbetan.

Horrez gain, Imanol Isasa Kirol Zuzendariaren hitzetan, bi instituzioek helburu bera dute, txirrindulariez gain etorkizuneko pertsonak osatu eta trebatzea: ““Bi instituzioen arteko akordioa naturalki jaio da, haien filosofia txirrindulari gazteei aukera errealak ematea baita bestelako formakuntzak ahaztu gabe”.

Akordioaren harira, gainera, datorren urtean Eibarko Klub Deportiboaren txirrindulariek “Gran Canaria – EKD Bike Team” izenpean lehiatuko dute bai Euskal egutegia, eta baita egutegi nazionala ere. Taldeak datorren denboraldian erabiliko duen arropa diseinua pasa den asteazkenean aurkeztu zen.

Maillot berria aurkeztu ondoren, orain taldea aurkeztea geratzen da. Horretarako, ekitaldi publikoa egingo dute urtarrilaren 31an, GCBT-k antolatuta, Kanariar Uharteetako Jose Antonio Ramos auditorioan.