‘Greba orokor feministarantz’ erakusketa ikusgai dago Andretxean
David Beorlegui Zarranz-ek sortutako Greba orokor feministarantz erakusketa martxoaren 2tik 31ra bitartean egongo da ikusgai Andretxean, M8ko lantaldearen ekimenez. Erakusketa goizez 9:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 16:30etik 19:30era bisitatu ahal izango da.
Erakusketak ibilbide kronologiko eta tematiko bat proposatzen du, XIX., XX. eta XXI. mendeetan emakumeek protagonista izan dituzten mobilizazio-esperientziak publikoari hurbiltzeko. Historian zehar metatutako borroka horiek grebaren kontzeptuari esanahi berria ematen diotela azpimarratzen du lanak, bizitza eta emakumeak borroka politikoaren erdigunean kokatuz.
Proposamenak iraganeko esperientziak egungo borroken testuinguruan kokatzen ditu, eta inspirazio-iturri gisa aurkezten ditu oraindik indarrean dauden bidegabekerien aurrean. Erakusketaren bidez, greba feminista ulertzeko ikuspegi zabalagoa eskaintzen da, etorkizuneko borrokak irudikatzeko tresna gisa.