Grupo Eibar higiezinen talde sustatzaileak 50 urte bete dituela ospatu dute gaur eguerdian Ipuruako instalazioetan
Grupo Eibar higiezinen merkatuko euskal sustatzaileak 50. urteurrena ospatu du gaur eguerdian, Ipuruako instalazioek hartu duten ekitaldian. Ospakizunak 150 lagunetik gora bildu ditu eta, enpresako bazkide, hornitzaile eta langileez gain, erakundeetako ordezkaritza zabala egon da bertan, baita Eibar Kirol Elkartearena ere. Ospakizunarekin bat egin dute, besteak beste, Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak, eta Jon Iraola Eibarko alkateak. 50 urteko ibilbidean, Grupo Eibar taldeak herritik kanpora ere egin ditu promozio asko, eta udalerri horietako alkate ugari ere etorri dira jaira.
Urteurrenaren aitzakiarekin, Patxi Aranegui bazkide-sortzaileari omenaldia egin diote, eta hori izan da, “zalantzarik gabe, ekitaldiaren unerik hunkigarriena”. Grupo Eibar taldearen ordezkari gisa, Gorka Aranegui zuzendari nagusiak makila oparitu dio, “enpresaren sortzaile eta arima izateagatik”. Horrekin batera, Patxi Araneguik lotura estua dauka Eibar Kirol Elkartearekin. Izan ere, 18 urtez Eibar foball taldeko jokalaria izan zen eta, gainera, talde armaginaren zuzendaritzako kide gisa beste 15 urte eman zituen. Hori dela eta, Amaia Gorostiza Eibar K.E.-ko presidenteak klubaren intsignia damaskinatua, eta bere izena daraman kamiseta eman dizkio. Omenaldia ixteko, Ander bilobak aurreskua dantzatu dio aitonari, eta txapela ere eman dio.
Ekitaldian, bestalde, Eibar Taldearen historiari errepasoa egin diote, taldearen iragana eta oraina azaltzen dituen bideoa proiektatuta, eta bigarren bideo batean bazkide batzuen lekukotasunak jaso dituzte. Eta, ospakizunarekin amaitzeko, bertaratu diren guztien talde-argazkia egin dute Ipuruako zelaian, eta jarraian Eibar Kirol Elkartearen instalazioak ezagutzeko bisita egin dute.