Gure oinarria ZARELAKO gara elkarte bizia

Gure oinarria ZARELAKO gara elkarte bizia
2020/06/22 11:06
eta kitto!
Nola aldatu den dena aste batzuetan… Orain dela hilabete batzuk nork esango zigun horrelako egoera batean egongo ginenik. 2020. urtea ez dugu erraz ahaztuko, ezta komeni ere!

Otsailaren 6an hasi zen urtea aldrebesten, eta ordutik aurrera inoiz pentsatu ez ditugun egoerak bizi izan ditugu; etxetik irten gabe denbora luzez egon behar izan dugu, eta, bien bitartean, hildakoak, beldurra, larritasuna, samina… Egitasmoz eta ideiez beterik zetorren urtea bat-batean okertu zitzaigun.

Gure bizimodua goitik behera aldatu da, egun batetik bestera dena gelditu da, baina, aldi berean, …eta kitto! Euskara Elkartea ez da gelditu.

…eta kitto! Euskara Elkartea elkarte bizia da; batetik, bazkide eta herritarrentzat ezagunak dira elkarteko langile eta zuzendaritzakideak, eta, bestetik, gure jarduna oso herritarra eta kalekoa da, hau da, aurrez aurrekoa, soziala.

Zu, irakurle, bazkide, herritar zara …eta kitto! Euskara Elkartearen arima eta bihotza, baina oraingo honetan, zu, hori baino gehiago izatea ezinbestekoa da. Hezurdura sendoa, burmuin argia, muskulu indartsuak eta koloretako azalak behar ditugu aurrera egiteko.

Egoera ez da erraza, inorentzat. Martxoaren 14an gure ohiko jarduera erabat aldatu behar izan genuen, gauzak beste era batera egiten jarraitzeko, haria ez eteteko eta harreman-bideei zabalik eusteko.

Euskararen alorra ahal izan dugun guztia zaintzen eta laguntzen saiatu gara, eta, bide batez, herritarron arteko kohesioa lantzen ahalegindu gara eta euskara zokoratuago gelditu ez dadin indar guztiak jarri ditugu.

Baina, tamalez, nahi genuen guztia ezin izan dugu egin, bidean gelditu dira hainbat proiektu, ideia eta ekimen, eta horrek esan nahi du hainbat pertsona ere bidean gelditu direla.

Baina ez dugu etsiko, badakigulako zuek ere ez duzuela etsiko, eta elkarrekin lortuko dugu.

Orain inoiz baino gehiago behar dugu betidanik izan dugun bazkide eta herritarren babesa, inoiz baino gehiago behar zaituztegu.

Irabazi asmorik gabeko elkartea izanik, egoera ekonomiko zail honetan ezin dugu beste enpresa txiki batzuek eskatu ditzaketen dirulaguntzak eskatu, guretzat bide hori itxita dago.

Benetan zaila da egoera elkartearentzat, eutsiezina. Urtarriletik hona gure diru-sarrerak ia zerora etorri dira, publizitateko sarrerarik gabe ia-ia, bestelako zerbitzuetako sarrerarik gabe, inolako dirulaguntzarik jaso gabe eta gure ohiko ditu-iturri diren ekimenak egiterik izango ote dugun jakin gabe (Kittonbola, Sagardo Eguna…).

Egoera zail honen aurrean, elkartea bizirik eusteko arnas eta babes bila jotzen dugu herritarrongana.

Zu ZARELAKO gara.

BAZKIDE EGITEKO EDO EKARPENAK EGITEKO SAKATU HEMEN