Hainbat jarduerarekin ospatuko da Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko Eguna Debabarrenean

Hainbat jarduerarekin ospatuko da Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko Eguna Debabarrenean
2021/02/05 17:52
eta kitto!
Debabarrena STEAM, eskualdeko gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko eta bereziki nesken parte-hartzea bultzatzeko helburua duen ekimenaren barne, Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziak, STEAM Debabarrena Foroaren eragileekin elkarlanean, hainbat ekimen antolatu ditu datorren otsailaren 11an ospatuko den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko eguna dela eta.

Egunean bertan, Debabarreneko ikastetxeei zuzendutako topaketa birtuala egingo da goizeko 10:30etan, “Zientziaz gozatu, dibertitu eta ikasi” izenburuari jarraituta. Topaketa honetan Maitane Alonso ikertzaile eta asmatzaile gazteak eta Valpat Youtubeko kanal ospetsuko protagonistak hartuko dute parte.

Maitane Alonso, elikagaiak nola kotserbatu ikertzen duen proiektu baten asmatzailea da. Hogei urte besterik ez dituen arren, hainbat sari jaso ditu, “Premio Hipatía: Talento joven en la ciencia”, “Premio Mujer Inspiradora Revelación 2019”, “Intel-ISEF Nazioarteko Lehiaketako” sariak edo “MIT Saria” (sari honengatik asteroide batek bere izena darama) besteak beste. Dibulgazio zientifiko eta teknologikoko hitzaldiak ematen ditu, eta ekitaldi nazionaletan zein internazionaletan parte hartu du.

VALPAT STEAM Youtube kanaleko partaideak Valeria (12 urteko youtuber zientzialaria) eta Patricia (telekomunikazio ingeniaria) dira. Youtubeko kanalaren helburua haurrak motibatzea eta inspiratzea da, teknologiaren eta robotikaren munduan sar daitezen eta mundu horretan zaletu daitezen. Teknologiako bideo dibertigarriak egiten dituzte, haurrek programazioko, robotikako, elektronikako, 3D inprimaketako eta matematikako proiektuekin ikasi eta gozatzeko. Valeria Corralesek  “Niña inspiradora del año” saria jaso zuen 2019an.



Arratsaldean, eskualdeko hiritarrei zuzendutako beste topaketa birtual bat egingo da. ‘STEAM Emakumeak: zientziarekiko eta teknologiarekiko pasioa’ izenburuari jarraituta, eskualdeko emakume zientzialari eta teknologoen mahai-ingurua egingo da, 16:00etan. Bertan lau emakumek parte hartuko dute: Amaya Igartua (materialen ekimenen koordinatzailea Teknikerren), Ane Rubio (biokimika eta biologa molekularra), Maialen Arrieta (astrofisika doktorea eta Sorbonne Unibertistatean gaixotasun neurodegeneratiboen bioinformatikaria) eta Natividad Garcia (ingeniari elektronikoa eta Nabab Consulting-en sortzaile eta zuzendari exekutiboa). Mahai-inguruaren dinamizatzailea Lorea Arakistain kazetari eibartarra izango da.

Bestalde, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko egunaren inguruan antolatzen diren ekimen ezberdinak biltzeko helburuarekin, BPTD Makers-en webgunean agenda bat ireki da. Bertan, eskualdean antolatu diren ekintza ezberdinak ikusi ahal izango dira, eta hauen inguruko informazio guztia eskuragarri egongo da. Izen-ematea bptdmaker.eus webgunean, albisteak atalean egin daiteke.