Hamabost langabek industrian aritzeko prestakuntza jaso dute

Ekimena Eibarko Udalak eta Armeria Eskolak sustatu dute, elkarlanean.
Hamabost langabek industrian aritzeko prestakuntza jaso dute
2026/05/12 11:06
Silbia Hernandez Arrazola

Langabezian dauden hamabost lagunek hartu dute parte industria arloan enplegagarritasuna bultzatzea helburu duen prestakuntza programa batean. Ekimena Eibarko Udalak eta Armeria Eskolak sustatu dute, elkarlanean, “langabezian eta gizarte-bazterketa jasateko arriskuan daudenen enplegagarritasuna hobetzeko asmoz”. Jakitera eman dutenez, prestakuntza hasi zuten hamabost ikasletik hamarrek fase guztiak burutu dituzte, lantokietako praktikak barne. Eta, hamahiru horietatik hiru, lanean hasi dira, kontratupean. Bestetik, lanean hasi ez diren lau parte-hartzailek formakuntza jasotzen jarraitzen dute, eta beste ikasle bat atzerritartasun-egoera erregularizatzeko prozesuan dago.
Programaren sustatzaileen arabera, lortutako enplegagarritasun-tasa “oso ona” izan da, eta parte-hartzaileek ere balorazio oso positiboa egin dute: 9,64ko puntuazioa eman diote 1-10 eskalan).
Apirilean amaitu zen ikastaroak teoria eta praktika uztartu ditu eta, arduradunen arabera, funtsezkoak diren arlo batzuetan (Mekatronika Industrialean eta Mekanizazioan) jarri du arreta: “Gainera, orga-jasotzaileak gidatzen ere ikasi dute ikasleek, eta praktikak egin dituzte enpresetan. Laneratzeko aukerak hobetzeko, behar dituzten gaitasun teknikoak eskuratzea izan da helburua”. Horretarako, formazioan zehar, prestatzaile espezializatuen laguntza izan dute ikasleek: “Gaitasun teknikoez gain, parte-hartzaileek laguntza pertsonalizatua jaso dute lana bilatzeko, curriculumak eguneratzeko, gaitasun pertsonal eta profesionalak eskuratzeko, egoera administratiboa erregularizatzeko, enpresa laguntzaileetan praktikak egiteko eta praktiken ondorengo aktibazio sozio-laboralaren jarraipena egiteko”.