Hamasei taberna lehiatuko dira Eibarko tabernarien arteko XX. Pintxo Lehiaketan
Datorren asteko eguazten eta eguenean jokatuko da izena eman duten tabernetan.
2024/10/29
21:24
eta kitto!
Datorren astean, azaroaren 6an (eguaztena) eta 7an (eguena) egingo da Eibarko tabernarien arteko XX. Pintxo Lehiaketa San Andres Sariak, parte hartzeko izena eman duten 16 tabernetan: Akara, Amesti, Banaka, Baratze Gourmet, Bossa, Bulebú, Gure Leku, Kontent, Koskor, Kultu, Nuvola, Slow, Topaleku, Trinkete, Txoko eta Vinoteca Bacoleku Ego-Gain. Bakoitzaren pintxoa zein den ikusteko, Arrate Kultur Elkartekoek diptikoak banatuko dituzte tabernetan, eta bi egun horietan lehiaketarako pintxoak probatzeko aukera izango dute bezeroek. Beti bezala, epai-mahaiak emango dituen sariez gain, bezeroek boto bidez erabakiko dutena ere banatuko dute. Eta botoa ematen duten bezeroen artean sari baten zozketa egingo da.