Hasi dira Merkatu kaletik Ibarkurutzeraino doan kale zatia konpontzen
2020/09/23
07:20
eta kitto!
Aste honetan hasi dute Errebal kalea berrurbanizatzeko lanen bigarren fasea. Julian Etxeberria eta San Agustin kaleen arteko tartea berritu eta gero, orain Coliseo antzokiaren sarrera parean dagoen Merkatu kaletik Ibarkurutzeraino doan kale zatia konponduko dute: lan hauekin Errebal kaleko 15-23 zenbakietatik Ibarkurutzerainoko espaloia zabaldu eta hobetuko dute eta, bide batez, etxebizitza horiei dagokien saneamendu-sarea berrituko dute. Lanak amaitzen dituztenean, espaloiak eta errepidea maila berean egongo dira eta galtzadari koexistentzia-kale baten tratamendua emango diote, Eibarko gainerako kaleetan dagoen zoladuraren antzekoa ipinita. Obrak egin ahal izateko, Errebal kaleko zenbaki bikoitien pareko aparkalekuak ezin izango dira erabili, baina Udalak gogorarazi duenez, hor aparkatu beharrean Bittor Sarasketa kalean udan zabaldu zuten aparkalekuan laga daitezke automobilak. Bestalde, nahiz eta lanean egon, ez da aurreikusi trafikoa moztea.
Errebal kalea berrurbanizatzeko proiektuaren baitan, Ibarkurutzeko iturria eta bere ingurua osorik berritzeko lanak ere egingo dira. Obra osoak 717.000 euro inguruko kostua izango du, Otegi y Gaztañaga SL enpresakoak ari dira beharrean eta, orotara, 26 bat asteko iraupena izango dute lanek.