Hego Koreako kultura ezagutzeko aukera egongo da asteburuan
Mika Fest-ek Hego Koreako kultura ekarriko du Eibarrera beste behin. Azken urteotan asko zabaldu dira gure artean hango musikak, janzkerak eta beste hainbat ohitura, gero eta arrakasta gehiago dute Koreako artistek eta hemengo zaleak zoratzeko moduan jartzen dira eurekin hartu-emana edukitzen dutenean.
Eibarko zaleek bihar eta etzi izango dute Hego Koreako kulturara hurbiltzeko aukera, Alxshow-k eta Eibarko Udalak antolatuta egitarau zabala prestatu dute-eta. Alde batetik, bihar “arratsalde magikoa” biziko dugu antolatzaileen berbetan. 16:00etan, Hwang Sooyeon Dreamcatcher taldearen koreografoa eta performance managerra Coliseo antzokian eta Errebal plazan egingo den Mikover lehiaketako (k-pop abestien bertsioen lehiaketa) epaimahaikide gisa egongo da Akira, Sandra, Leire eta Kororekin batera. Mikover ikusteko sarrera doakoa izango da eta, ondoren, jaialdia egongo da musikarekin, dantzekin eta Asiako janariekin.
Zapatukoaren ondoren, domekan workshop-a egongo da Hwang Sooyeonen eskutik, 10:30ean, Ipurua kiroldegian. “Hasiberrientzako eta tarteko mailetarako egokia da tailerra”, antolatzaileen berbetan.
Bertan parte hartzeko 35 euro ordaindu beharko da (5 euroko deskontua Eibarko Dantza Eskolako ikasleentzat) eta, saioa amaitu ondoren, Hwang Sooyeonekin argazkiak egiteko aukera egongo da.