Heldu! ekintzailetza programaren bigarren edizioan parte hartu duten sei proiektuen itxiera-jardunaldia egin zen atzo

Heldu! ekintzailetza programaren bigarren edizioan parte hartu duten sei proiektuen itxiera-jardunaldia egin zen atzo
2023/12/19 13:49
eta kitto!
Atzo, hilak 18, Debegesaren ondoko inkubagailuan egin zen Pitching Day batean aurkeztu zituzten Heldu! programaren proiektuak parte-hartzaileek. Sei proiektuk jaso dituzte prestakuntza, aholkularitza eta tutoretza hilabete hauetan. Jardunaldian Eibarko Udaleko eta Debegesako ordezkariak izan ziren, eta baita programako laguntzaileak ere.  Gaia hauek landu dituzte proiektuotan: naturako turismo aktiboa, marketin digitaleko eta enpresentzako salmentetako aholkularitza, fabrikazio gehigarria, sormen- eta kultura-industria (KSI), eta osasuna eta kirola.

HELDU! programaren bigarren edizioa Eibarko Udaleko Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza Sailak sustatu eta diseinatu du, Debegesa eskualdeko garapen-agentziarekin lankidetzan, Eibarren izaera berritzailea duten ideia edota negozio-ildo berriak aztertu eta baliozkotzeko. Aurreko urteko arrakasta ikusita, Udalak bigarren edizioa abiaraztea erabaki zuen. Hori horrela, sei proiektuk hartu dute parte aurten eta laguntza-prozesua abenduaren erdialdera arte luzatu da. Debegesako teknikariek koordinatu dute eta parte-hartzaileek 100 ordutik gorako laguntza jaso dute: formazio espezializatua, adituen aholkularitza eta tutoretza pertsonalizatua. Aholkulari-taldea osatzen duten pertsonek eta aholkulariek esperientzia handia dute bai ezagutza-arloan, bai enpresa-proiektu berriak abian jartzeko.

“Oso interesgarria izan da HELDU! programan parte hartzea, izan ere, ikasitakoari esker jakin izan dut nire proiektuak zituen beharrei nola egin aurre eta behar nituen erramintak eskuratu ditut arlo desberdinetako profesionalei esker” azaldu zuen Julia Gauger edizio honetako partehartzaileak.

2024ra begira, HELDU! programako 3. edizioan parte hartzeko interesa duenak, Debegesan jaso dezake informazio guztia.

 

EHUNDU ekintzailetza programaren izen-ematea zabalik
Eibarko Udalaren EHUNDU programa ere martxan dago. Programa honek  enpresa sortu aurretik enpresa-proiektu bakoitzak dituen eremu kritikoetan adituen laguntza teknikoa eskaintzen die ekintzaileei. Bideragarritasun-plana landuta duten ekintzaileei zuzenduta dago beraz, enpresa sortu edo martxan jarri aurretik argitu gabeko behar espezifikoak dituzten negozio berritzaileei.  Momentu honetan hiru proiektuk parte hartzen dute EHUNDU programan eta 2024ari begira ere, zabalik izango da programa urte guztian.

Interesa duen edonork izena eman dezake https://heldueibar.debegesa.eus/eu/ehundu/ webgunean edota Debegesara deituta, 943 82 01 10 telefonora.