Herriko 181 establezimendutan deskontuarekin erosteko bonuen salmenta gaur hasiko da
2021/11/15
09:11
eta kitto!
Gaur abiatuko da Eibarko 181 establezimendutan erosketak egiteko deskontu-bonuen kanpaina berria. Interesatuek 35 eurotan eros ditzakete bonuak, gero 50 euroko balioa duten erosketak egiteko (%30eko deskontuarekin, beraz). NAN bakoitzeko bi bonu erosteko aukera emango dute. Ostalaritzarako bonuak, berriz, 17,50 euro ordainduta 25 euroko balioa gastatzeko aukera emango du eta NAN bakoitzeko lau bonu eros daitezke.
Kanpainak azaroaren 30era arteko iraupena izango du eta Eibar Merkataritza Gune Irekiak antolatu du, Udalak emandako 27.500 euroko dirulaguntzarekin. Bonuak erosteko EMGIaren bulegora joan daiteke, Isasi kaleko 26. zenbakira (aukera hau Eibarren bizi diren 60 urtetik gorakoentzat bakarrik da eta txartelarekin ordaindu beharko dute derrigorrez). Gainerako guztiek Internet bidez erosi beharko dituzte, www.nikeibarrenerostendot.eus helbidean. Kasu honetan bonua erosi eta bi egunera joan daiteke bila EMGIren bulegora. Kanpaina martxan dagoen bitartean, bulegoa honako ordutegian zabalduko dute: astelehenetik eguenera, 09:00etatik 11:30era eta 15:00etatik 17:30era; eta barixakuetan, 09:00etatik 11:30era. Arduradunek azaldu dutenez, oraingoan beste batzuetan baino establezimendu gehiagok egin du bat, aurrekoetan pandemiaren eraginez batzuk itxita egon ziren eta.