Herriko musikarien talentuaz gozatzeko aukera izango dugu bihar Legarren
Legarren egiten denaren erakusgarri izan ohi da EMGE (Eibarko Musikari Gazteen Elkartea) festa eta aurtengo saioa bihar eskainiko dute, Legarren bertan (lokalen gaineko parkean), 18:00etatik aurrera.
Aurtengo edizioan lau talde igoko dira Legarreko eszenatokira: Kvalvika (musika elektronikoa, Eibar), Haram (punka, Bergara), Rythmachin (funka eta fusioa, Eibar) eta Sombras del Mal (trash metala, Eibar).
Taldeetako batzuk ezagunak dira herriko publikoarentzat (Kvalvika eta Sombras del Mal, kasu) eta besteak ezagutzeko aukera izango dute askok (orain dela gutxi sortu, baina martxa betean dabilen Rythmachin, kasu).
Kvalvikak sare sozialen bitartez aipatu du, bere azken kontzertuarekin alderatuz, bakarrik igoko dela eszenatokira.
Udalak adierazi duenez, "Eibarko Musika Gazte Elkarteko taldeak, jada sormen-ibilbide luzekoak, kalera irtengo dira, ikusleok giro berezian sentiarazi eta dantzan jartzeko, hainbat musika estilorekin". EMGE-ren kontzertuak ikusteko ez da sarrerarik ordaindu behar izango.