Herriko tabernariek manifestazioa deitu dute astelehen eguerdirako, sektoreak bizi duen egoera salatzeko
2020/11/29
23:27
eta kitto!
Eibarko tabernariek eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak manifestazioa deitu dute biharko, San Andres egunerako, COVID-19ak eragindako alarma egoeraren ondorioz sektoreak bizi duen egoera larria salatzeko eta konponbideak eskatzeko. Horrekin batera, dirulaguntza “duinak” exijituko dituzte. Untzagatik abiatuko da manifestazioa, 12:00etan, “Ezin dugu gehiago” goiburuari jarraituta. Mobilizazioaren harira egin duten idatzian diotenez, bizi dugun osasun larrialdia oso presente dute, baina eurek lan egin ahal izateko bideak aurkitu ezean sektoreak aurrera egiteko zailtasun handiak izango duela ere argi daukate, eta negozioak itxi eta lanpostu asko galtzeko arriskuaren beldur dira. Eskaeren artean oraingo ERTE sistema aldatzea eta langileen soldatak %100eraino osatzea, Gizarte Segurantzaren gastuak ordaintzetik libratzea eta ERTE-ak “gutxienez 2019ko fakturazioaren %75 berreskuratu arte luzatzea, horrela negozioaren biziraupena ziurtatzeko” daude, besteak beste.