Herritarrek Plan Estrategikoaren lanketan parte hartzeko aukera izango dute
Miguel de los Toyos alkateak, Eneko Andueza Hirigintza zinegotziak eta Novotec eta Leber enpresetako ordezkariek gaur goizean (barixakua, hilak 22) aurkeztu dute Plan Estrategikoaren inguruan zabalduko den herritarren parte-hartzerako prozesua. Alkatearen berbetan, "gaur egun indarrean dagoen plana 1998koa da eta harrezgero Eibarren izandako aldaketen eraginez, bertan jasotakoa eguneratzeko premia" dagoela ikusi dute. Planak alderdi bi, hirigintza eta mugikortasuna landuko ditu eta horietako bakoitza idazteko ardura izango duten Novotec eta Leber enpresak lehiaketa bitartez aukeratu dituzte. Hala ere, udalak herritarren iritzi eta proposamenei garrantzia eman nahi die eta, horregatik, herritarrak abenduan zabalduko den prozesuan parte hartzera animatu nahi ditu. Azaldu dutenez, "prozesu horretan, hiriaren egoera sozio-ekonomikoa aztertuko da eta eibartarren lehiakortasun maila eta bizi-kalitatearen maila goratuko duten konponbideak bilatuko dira". Prozesuari ekiteko bilera bi antolatu dituzte: abenduaren 11n (eguaztena) euskeraz egingo da bilera eta hurrengo egunean (abenduaren 12an, eguenean) gazteleraz. Biak udaletxeko patioan egingo dira, 18.30etan hasita. Partehartzea herritar guztientzat zabalik dago, baina antolaketa erraztearren, joango diren herritarrei aldez aurretik izena ematea eskatu dute. Horretarako Pegorara joan edo planestrategikoa@eibar.net helbidera idatzi daiteke (azken eguna abenduaren 5a izango da).