Hijos de Gabilondo eraikina birgaitzeko aurreproiektua aurkeztu dute gaur
Jarduketa honen garrantzia ere nabarmendu dute: “Gobernu-taldearen helburu nagusietako bat hiriaren ekialdea biziberritzea eta modernizatzea da. Horretarako, funtsezkoa da Barrena kalea biziberritzea, eta gaur aurkeztu duguna funtsezko lehen urratsa da. Aurreproiektua bat dator gune honetarako bilatzen dugunarekin: berroneratze bat nahi dugu jarduera ekonomikoa erakartzean oinarritutakoa, funtzio anitzeko espazioekin —bai Barrena kalean bertan, bai eraikinaren estalkian— eta jolas- eta aisialdi-eremuekin konbinatua. Urkizu-Barrena aldean zentralitate berri bat sortzea nahi dugu, hirigunearen desindustrializazioan aurrera egitea eta bizilagunei espazio publiko zabalagoa eta berdeagoa izateko aukera ematea”.
Aurreproiektuan jasota dagoenari jarraituz, 1938ko etxebizitza-eraikina birgaitu eta ondoren egin ziren albo-handitzeak bota egingo dira, eraikinaren jatorrizko konfigurazioari eutsiz. Horrek aukera emango du espaloia zabaltzeko, aparkaleku berri bat egiteko (obra gauzatzean kenduko diren tokiak konpentsatzeko) eta, gainera, adierazi den bezala, funtzio anitzeko espazioak eta jolaserako eta aisialdirako guneak egiteko, bai Barrena kalean bertan, bai eraikinaren estalkian.
Egin nahi den jarduketaren aurrekontua 7´5 milioi euro ingurukoa izango dela aurreratu du alkateak. Hala ere, exekuzio-proiektua datorren urteko ekainean-edo lehiaketara atera nahi dute, eta orduan finkatuko da lanen kostua. Lanak 2025eko abendurako amaitzea nahiko luketela ere adierazi dute. Bestalde, eta agerraldian azpimarratu dutenez, Eibarko Udalak 5 milioi euro inguruko dirulaguntza jaso du Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Sailburuordetzaren eskutik.