Hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzea eskatzeko grebara joan dira Avanzako beharginak
Avanzako (lehen PESA) Enpresa Batzordeak (6 ELA, 6 UGT, 1 LAB, 1 Aurrera) bost eguneko greba deitu du abenduan, 5, 9, 20, 21 eta 22rako, hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzea eskatzeko. sindikatuetatik salatu dutenez, "ia bi urte igaro dira negoziazioak hasi zirenetik, eta ordutik ez da aurrerapausorik eman hitzarmen berria lortzeko".
Aldarrikapen nagusiak honako hauek dira: 35 orduko lanaldia ezartzea (Bizkaibuseko zerbitzuetan bezala); bermedun KPIaren araberako soldata igoerak izatea; errelebo kontratuak ezartzea; behin-behineko langileentzako lan poltsa bat arautzea; eta hartzeko eta uzteko denbora kontuan izatea. Horrez gain, autobus flotaren egoera txarra salatu du batzordeak, horrek bai langileak bai zerbitzua erabiltzen dutenak arriskuan jartzen dituela azpimarratuz.