Hondakinen prebentzioari lotutako jarduerak egingo dituzte Eibarren, azaroaren 20tik 29ra
Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearekin bat egingo du Eibarrek azaroaren 20tik 29ra. Hamar egunez, hondakinen sorrera murriztea, produktuak berrerabiltzea eta birziklatzea sustatzeko hainbat jarduera egingo dituzte herrian, «Keinu txikiak, aldaketa handiak» lelopean. Egitarauak informazio-gunea, haurrentzako tailerrak, auzoetako garbiketa-ekintza eta hondakinak pilatzen diren guneak identifikatzeko mapa kolektiboa hartzen ditu barne.
Egitaraua azaroaren 20an hasiko da, Untzaga plazan. 16:30etik 19:00etara, hondakinen kudeaketari eta birziklapenari buruzko informazio-gunea jarriko dute, herritarrek hondakinak behar bezala bereizteari buruzko zalantzak argitzeko. Ordu berean hasiko dira «Orain ez da zaborra!» tailerrak, 3 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta. Berrerabilera sortzailearen bidez, baztertutako materialei beste erabilera bat ematen ikasiko dute. Bost urtetik beherako haurrek heldu batekin joan beharko dute.
Auzoetako garbiketa-ekintza
Azaroaren 22an, igandean, «Auzoetako detektibeak: Let’s Clean Up Eibar!» ekimena egingo dute. Jarduera 10:30ean abiatuko da Untzaga plazatik, Untzaga Gizarte Etxearen ondotik, eta bi ordu eta erdiko iraupena izango du. Herrian zeharreko ibilbidean, parte-hartzaileek lekuz kanpo dauden hondakinak seinaleztatuko dituzte, eta horrelako jokabideen inguruko mezuak jarriko dituzte ikusgai, herritarren artean hausnarketa sustatzeko.
Adin guztietako herritarrek parte hartu ahal izango dute, baina plaza mugatuak izango dira. Izena emateko azken eguna azaroaren 19a izango da. Horretarako, mezu bat bidali behar da ingurumena@eibar.eus helbidera, parte-hartzaile bakoitzaren izen-abizenak, adina, telefonoa eta posta elektronikoa adierazita. Bestela, 943 708 408 telefonora deitu daiteke, 8:30etik 14:30era.
Puntu beltzen mapa kolektiboa
Azaroaren 20tik 29ra, Eibarko kaleetan hondakinak pilatzen diren guneak identifikatzeko mapa kolektiboa osatuko dute. Udalaren webgunean egongo den formulario digitalaren bidez, kaleetan aurkitutako gorabeherak jakinarazi ahal izango dituzte, hala nola lurrean botatako hondakinak, gainezka dauden paperontziak edo behar ez bezala utzitako objektuak. Formularioa hemen bete daiteke.
Bestalde, herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleei zuzendutako tailer bat ere eskainiko dute. Saio praktikoen bidez, hondakinen prebentzioa eta birziklapena landuko dituzte, ikasleak sortzen duten hondakin kopuruaz jabetu eta hondakinak behar bezala bereizten ikas dezaten.
Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea Europako kanpaina bat da, eta Euskadin Ihobek koordinatzen du. Eibarko egitaraua Eibarko Udalak, Debabarreneko Mankomunitateak, Ihobek eta Eusko Jaurlaritzak sustatu dute.


